Xarnegu eskualdea Euskal Herriko lurralderik iparraldekoena da.
Baionatik hurbil topatuko dituzue Ahurti, Mugerre, Beskoitze eta Bastida, azken hau Erdi Aroan Nafarroako Erresumaren bastida izan zena.
Aturri ibai bazterra segituz, euskara eta gaskoia hitz egiten diren eta kiwia lantzen den lurraldean sartuko zarete.
Uren juntan
Xarnegu deritzon eskualdean elkartzen dira Haran (edo Iholdiko erreka), Biduze eta Aturri ibaiak.
Hemen, baskoiek ibai ertzak antolatu zituzten, portuak eraiki, eta horrela garatu ahal izan zuten herri hauek, ibai bidezko merkataritzari esker. Txalupa batzuek etengabeko joan etorriak egiten zituzten Baiona eta barnealdeko lurren artean. Batzuek diote XX. mendean milako bat zebiltzala Aturrin gaindi.
Merkataritza jarduera Baionatik eta Baionara egiten zen nagusiki, espeziak, Kantauri itsasoan arrantzatu arraina, arnoak, Armagnac-a eta txokolatea garraiatuz.
Gaur egun, merkataritza portu horiek aisialdi portu txikiak bilakatu dira.
Gaskoia
Gaskoia okzitanieraren aldaera bat da. Garona ibaia eta Pirinioen arteko eremuan hitz egiten da. Baina Xarnegu eskualdeak gaskoiz hitz egiten den lurralde horren muga markatzen du. Eremu horretan elkarren artean bizi izan dira euskaldunak eta gaskoiak, eta gaskoi hizkuntzak bizirik dirau.
Unesco-k okzitanieraren dialektoa "arriskuan" dela aitortu du. Horregatik, Euskal Hirigune Elkargoak gaskoia bere lurraldeko hizkuntza bezala aitortu du ofizialki, euskara bezalaxe.
Hainbat elkarte dabiltza aldaera hori bizirik atxikitzeko, eta Xarnegu eskualdean maiz ikusiko dituzue gaskoiz idatzi norabide panelak.
Kiwia
Pentsatuko zenuten hasiera batean kiwia ez zela Euskal Herrikoa, ezta? Beste gauza batzuk bezala, hala nola, hemendik hurbil den Ezpeletako biperra, urrundik datorkigu, Txinatik hain zuzen. Ipar Euskal Herria iritsi zen orain dela hogeita hamar bat urte, eta loraldi izugarria izan du.
Brukiza etxaldean (edo Danyren Kiwiak) fruitu berezi horren ezagutzeko parada izanen duzue. Urtaroen arabera, langile grinatsu horiek ikusiko dituzue, landareak zaintzen, mozten, uzta biltzen eta bereziki erreximentak, konpotak eta jusak egiten.
Bisitaren ostean, denek igurikatzen duten momentua: dastaketa.
Beren produktuak inguruetako merkatuetan edo etxaldean bertan eros daitezke.
Nola etorri
Garraio modu guziak onak dira zenbait egunen pasatzera etortzeko Euskal Herrirat: trenez, autoz, hegazkinez, eta batzuentzat oinez ere!
Nola etorri