
GURE HELMUGA : EUSKAL HERRIAN
Notre destination : en Pays Basque
“IPAR EUSKAL HERRIAN” deitu hurbiltze berriarekin, Euskal Elkargoak Turismo Bulegoak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egin daitekeen guztia erakusteko xedea du.
- Ipar Euskal Herrian, denbora gutxian posible da, Getariako uhainetan surf egitea, mendi ibilaldi baten egitea, iparraldeko hiru probintzietako herririk ederrenak bisitatzea, Donibane Lohizuneko merkatuan erosketak egitea, axoa jatea mendiei begira edo pintxoak Kantauri itsasora so, Iratin erraketa ibilaldiak egitea, 5 izarreko hotel batean edo zuhaitzetan zintzilik dagoen etxola batean lo egitea, eta abar.
- Ipar Euskal Herrian gure kultura eta tradizioak inon ez bezala bizi eta zaindu nahi ditugulako: goza itzazu musika, pilota, kantuak, dantzak, ihauteriak, maskaradak eta pastoralak.
Gure euskal bizi modu berezkoa dugu, eta ofizialeek bezala "...iturri zaharretik edaten dugu ur berria, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik..." (J. Artze). - Ipar Euskal Herrian, gure gastronomia ere badugu: ama lurrari esker. Ekoizle eta jatetxeak eskutik doaz mozkinak kalitatez lantzeko: ardi gasna, Kintoa xingarra, Ezpeletako biperra, amuko legatza...
Euskal Herriko mapa
Carte du Pays Basque
Gure lurraldeko alderdi guziak ezagutzeko mapa honetan ibilaldi bat egin ezazue.
Ikusiko duzue lurralde, hiri edo herri bakoitzak bidaia bat dela Euskal Herrian !

Frantziako muga eta Gipuzkoa artean 40 km baino egiten ez dituen Kantauri kostalde ederrak izugarriko altxorrak ditu erakusteko. Hemen surf eta Kalifornia giroa senti daiteke iskin guzietan !
© Florence Lasaga
Urdazuri harana Donibane Lohizunetik Xaretako mendietaraino doa. Hemen, landa eremua eta kolore berdea dira nagusi.
Itsasbazterreko bainu hirietatik hurbil gelditzen dira, beraz, Urdazuri ibarreko herriak. Bizi goxoa dute, naturarekin loturan. Hemen Ezpeletako biperra, laborantza eta hazkuntza, eta kirol eta aisialdi jarduera ugari praktikatzen dira: mendi ibilaldiak, mendi bizikleta eta kanoa edo kayaka.

Errobi haranak Lapurdiko itsasbazterra eta Nafarroa Beherearen arteko lotura egiten du. Uztaritze, Kanbo, Bidarrai eta Donibane Garaziraino, urratsez urrats paisaiaz aldatzen goaz.
Mondarrain eta Artzamendi mendi inguruetan ibilbide andana dugu mendizaleentzat, eta Errobiko zirgabideak leunean lotzen ditu Baiona eta Uztaritze 15 km-ko luzeran. Errobi Euskal Herri osoan ezaguna da ur bizietako kirolak praktikatzeko.

Xarnegu eskualdea Euskal Herriko lurralderik iparraldekoena da.
Baionatik hurbil topatuko dituzue Ahurti, Mugerre, Beskoitze eta Bastida, Erdi Aroan Nafarroako Erresumaren bastida izan zena.
Aturri ibai bazterra segituz, gaskoia hitz egiten diren eta kiwia lantzen den lurraldean sartuko zarete.

Lapurdiko ipar muturretik, Aturri bazterretatik, ere ageri da Baigura. Nafarroa Beherearekin muga egiten du 897 metrotan. Urtsua bere oinetan gelditzen da, xumeago, borobilago, goxoago.
© Pierre Carton
Baigorri eta Aldudeko ibarrak bost herri biltzen ditu: Ortzaize, Baigorri, Aldude, Banka eta Urepele.
Donibane Garazitik 10 km-ra dago eta bertan euskal gastronomia tradizioa ezagutu daiteke.

Donibane Garazi gaur egun Nafarroa Behereko hiriburu da. Euskal Herriko herri ederrenetako bat da.
Hemendik igarotzen dira Donejakue bidea eta GR 10. Lurralde honetakoa da ere (Baigorrirekin batera) Irulegi JDB-ko arnoa. Alde guzietan ikus daitezke mahastiak, bereziki mendi magaletan.

Oztibarre eskualdeak lau herri batzen ditu: Iholdi, Izura-Azme, Donaixti Ibarre eta Larzabale-Arrotz-Zibitze.
© OTPB
Amikuze deritzo Nafarroa Behereko ipar aldeko eskualdeari. Garruze eta Donapaleu inguruak hartzen ditu.
Eskualde honetan baserri ekoizle anitz ditugu, eta harrera bikaina eginen dizuete beren etxaldeetan.

Zuberoko mendigunea Ipar Euskal Herriko eremu naturalena izan liteke. Hemengo euskalkia zuberera da.
Maule, Zuberoako hiriburua, espartinaren hiriburu bezala ezaguna da.

Iratiko mendiguneak Zuberoa Garaia eta Nafarroa (Garaia eta Beherea) hartzen ditu. Zubereraz Basabürüa deritzote Zuberoako mendiguneari.
Beste leku askotan bezala, hemen ohartzen gara mugen zentzugabekeriaz: Iratiko pagadian ibilki oharkabean pasa gaitezke Nafarroa Garaitik Beherera edo Zuberora. Hemen batzen eta nahasten dira ere Garazi aldeko "xuka", Larrañeko eüskara eta Otsagabia eta Izaba aldeko euskara. Erreketako urak ere muga kontra ari dira: ipar isurialdean zerutik erori eta Mediterraneorako bidea hartzen dute.

Arte eta Historia hiri bezala sailkatua, Baiona Ipar Euskal Herriko hiriburutzat ematen da. Baiona euskal hiriak izate gaskoia du ere, eta gaur egun bertako animazio eta bestak bi nortasun hauen gainean oinarritzen dira.
Baionako bestak Euskal Herriko mugetatik at ezagunak dira.

Donibane Lohizune hiri jatorra da eta historia biziki aberatsa du. Hemen ezkondu zen Frantziako errege Luis XIV, badira ere kortsarioen abenturak eta dudarik gabe itsasoaren eragina nabarmena da itsasbazterreko opor leku honetan.
Izan ere, osagai guztiak baditu egonaldi paregabea pasatzeko: gastronomia eta animazioak, kultura eta natura, 5 hondartza, eta abar.
Arte eta Historia Hiri bezala sailkatua izan da.

Ziburuk 6250 biztanle ditu, eta betidanik itsasoari itzulia da. Iragan mendera arte, arrantzak eta kontserba lantegiek biziarazten zituzten herritar guztiak. Historia horrek aztarna azkarrak utzi ditu, besteak beste jendeen izatean, nahiz eta gaur egun herriaren ekonomia gehien bat turismoari lotua den. Arte eta Historia Hiri bezala sailkatua izan da.
© Pierre Carton
Donibane Garazi Nafarroa Behereko hiriburua da. Pirinioetako mendi zolan sortu zuten XII. mendean.
Alde zahar ikusgarria du: harrizko etxe zaharrak, harrizko karrika hertsiak, harresiak eta zitadela. Erdi Arotik milaka beilari igarotzen dira herritik Donejakue bideari ekiten diotela Compostelaraino.

Ezpeletak jende asko irudika dezakeen Euskal Herriko herriaren eredu izan daiteke. Familia noble batek sorturik, ospea berantago iritsi zitzaion, Hego Ameriketatik jin espezia bati esker: Ezpeletako biperra.
© Yoni
Lapurdi kostaldeko herri txikiena da Getaria.
Karrika nagusian sartuz gero, eta herri erdia bisitaturik, itsasoko usainak erakarriko zaituzte, halabeharrez. Baina, har ezazue, halere, bisita egiteko astia.

Urruña, 50 km²ko azalerarekin, Lapurdi kostaldeko hedadura handieneko herria da. Kantauri itsasbazterretik hasi eta Larrun mendiraino doa, bertan Nafarroa mugakide izanik. Herriak oso auzo desberdinak ditu.
Eta naturagune ugarirekin (Larrun mendia, Lapurdiko erlaitza, eta beste) natur kirolak praktikatzeko leku zoragarria da.

Sara, Lapurdiko herri ederrenetako bat da, baita Euskal Herri osokoa ere.
Larrun, Axuria eta Ibanteli mendiez inguraturik, Sarak bizi giro aparta du, historia eta tradizio handiko herria da. Garai batean kontrabandisten herri bezala ezaguna zen ere.

Atharratze, Kakueta eta Holtzarte artean, mendi zolan. Hemen lerratzen da Ühaitza erreka, Madalena kaperatik ez urrun. Hemen dugu ere Agosti Xaho euskal kazetari-idazle abertzale aitzindariaren sortetxea.
Euskal Mitologia Gunean topaketa harrigarriak eginen eta Zuberoako hainbat legenda ezagutuko dituzue.

Bastidako etxeetako hormek 700 urteko historia eta beste hainbeste istorio gordetzen dute.
Herria Erdi Aroan sortu zen Bastida de Clarenza izenarekin. Garai hartako bastiden hirigintza antolaketa atxiki du: karrika nagusia eta erdiguneko plaza karratua arkuekin.

Iparla ertzetako zolan kokaturik, Baigorri bisitari guzien herri kutun bilakatzen da. Herrian gaindi oinez joaten bagara, bertako historia ezagutuko dugu.
Aldudeko Errobik zeharkatzen duen herriak mendi ibilbide ugari eskaintzen ditu oinez (GR10) edo bizikletaz egiteko. Gainera, 2016an Baigorri Ipar Euskal Herriko lehen Trail Estazioa izan zen.

Errobi ibarraren eta Nafarroa Garaiaren artean kokaturik, Ainhoa Lapurdiko eta Euskal Herriko herri ederrenetako bat da.
Karrika bakarreko herri-gotorra XII. mendean sortu zen Compostelarako Donejakue bidea egiten zuten beilarien errezibitzeko. "Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak...", halakoak dira hemengo bazterrak oro. Mendian ibiltzeko aukerarik ere ez da falta: Errebi, Arantzeko baseliza,...

Senpere herri biziki hedatua da eta auzotan antolatua da. Senperen historian gertakizun anitz izan zen, eta bereziki "sorginak" zeritzen euskal herritarren kontrako jazarpen eta ehiza: inkisizioa. Baina historiak gertakari baikorrak ere baditu, hemen sortu baitzen xistera.
Gaur egun Senpere leku atsegina da, eta ospe handiko aintzira aisialdirako leku nagusi bilakatu da.

Erran dezakegu Donapaleu Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoaren erdigunean kokatzen dela.
Karriketan ibilki, ohartuko zarete errege izaerako herria izan zela eta Nafarroako Erresumaren hiriburu ere izan zela. Tradizioak zaintzen dituen herria da. Adibidez, herri kirol lehiaketa inguru zabal batean ezaguna da.

Zuhaitz eta lorez apainduriko hiribideen bazterretan ageri zaizkigu Kanboko arkitektura bitxiak: etxe galantak, euskal edo neo-euskal estilokoak. Herri Lorategia ere deitzen diote. Liliak denetan baitaude, eta bereziki herriaren ospea egin dute hortentsia zoragarriak.
Ipar Euskal Herria bisitatzeko abiapuntu bikaina da, barnealdeko lasaitasunean eta udako itsasbazterreko zurrunbilotik hurbil !

Aturri ibaiaren hegoaldean kokaturiko Bidaxuneko eskualdea gaskoi eta euskal kulturen bidegurutzean dago. Eskualde honi Xarnegu ere deritzo, mestizaia erran nahi duena.
Ibai eta erreka eremua da, eta hegoaldera sartzerekin haranak eta muinoak agertzen doaz. Zerumugan, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendiak dira ageri.

Urtsua mendiaren oinetan, Hazparnen Lapurdiko etxe tradizionalak ikus daitezke, zurbesoz osatu teilatuekin.
Izena "aitz/ahetz" eta "barren"etik datorkio; kostaldean badugu Ahetze, ba honakoa barneko Ahetze litzateke. Batzuek "ahetz/haitz" "haritz" bilakatu zuten egiazko etimologia itxuraldatuz; hortik omen du geroztik haritza ikur bilakatua.

Azkaine: herri lasaia Urdazuri bazterrean. Herria pilota plazaren inguruan antolatua da.
Herriaren lehen urteetan, merkataritza portu txikia zen, baina pixkanaka garatzen hasi zen ofizialeekin.
Larrun mendi zolan denez, ibilbide zenbait abiatzen dira kaskora buruz.

Bidarrai Iparla mendi zolan dago eta Nafarroa Behererako ateak irekitzen dizkigu.
Naturazale eta mendizaleek ikaragarri maite dute: Errobiko ur biziak, GR10 ibilbidea, Itsusi harrietako sai arreak. Eta Bidarraik bertako tradizioak eta legendak ere zaintzen ditu.

Arrangoitzek ez du itsasbazterrik, baina bi hiri mugakide ditu erabat itsasoari itzuliak: Biarritz eta Angelu.
Itsas hegiko mugimendutik bazter, hemen bazterrak berdeak eta lasaiak dira, natura eta laborantzaren arteko harreman orekatua. Ospe gehiena golf zelaiari eta Luis Marianori zor die.

Gaztelu gotorrak Maule herri osoa menderatzen du. Herria bere inguruan garatu zen, baina azken urte luzeetan erreka bazterrean eraikitzen hasi ziren.
Espartinen hiriburu bezala ezaguna da, baita besta giro eta kantuentzat ere.

Eugenia enperatrizak garatua, Biarritzek klima goxoa du eta itsasbazter ederra, itsasora sartzen diren lur muturrez eta harkaitzez atondurik. Kirol hiria eta hiri tonikoa izateko ospea aspaldian irabazia zuen, golflariekin, uhain harrotuetan lerratzen diren surflariekin, eta osasunketaren inguruko jarduerekin.
© K Pierret Delage
Bertako izpiritua, bizi giro atsegina eta lerra kirolengatik « Kalifornia txikia » deritzote batzuek Angeluri; naturaren, kirolaren eta dinamismoaren hiria. Itsasbazter osoan hondartzak ditu eta hauei loturik talasoterapia guneak. 230 hektareako pinudi paregabearekin, naturagune handiak eskaintzen ditu paisaia kontrastatuekin.
© Pierre Chambion
5km-ko kostarekin, eta Lapurdiko itsasbazterraren erdian kokaturik, Bidarte abiapuntu bikaina da Ipar Euskal Herria ezagutzeko.
© OT Hendaye
Hendaiak badia babestua du. Hortaz, gehi oporraldietan antolatzen dituzten animazio ugariei esker, Lapurdiko kostaldean oporrak familian pasatzeko norako bikaina da !