Hasparren

Hazparne

Hasparren

Baionatik 20 minutura, Hazparnek Lapurdi barnealdeko giroa eskaintzen digu, kostaldeko iskanbilatik gerizan. Urtsua mendiaren oinetan, Hazparnen Lapurdiko etxe tradizionalak ikus daitezke, zurbesoz osatu teilatuekin. Izena "aitz/ahetz" eta "barren"etik datorkio; kostaldera badugu Ahetze, ba honakoa barneko Ahetze litzateke. Batzuek "ahetz/haitz" "haritz" bilakatu zuten egiazko etimologia itxuraldatuz; hortik omen du, geroztik, haritza ikur bilakatua. 

 

Landaguneko hiri txikia

XXL azalera 

Hazparnek 11 auzo eta 77 km² ditu, eta horrenbestez  Lapurdiko herri hedatuenetako bat da. Urkoi eta Zelai auzoak, hiri erditik urrun xamar direnak, herri txikiak bezala garatu dira, bakoitza bere pilota plaza eta bizigunarekin. Besta auzo batzuk berriz, isolatuagoak dira, hala nola Paxkoenea. Hau, Uztaritze eta Milafrangarako bidean, muino katea baten gainean dago, eta kokapen berezi horri esker ikuspegi zoragarria eskaintzen du hego aldera: Urtsua, Baigura, Artzamendi, Iparla... Ehizarako leku aproposa ere bada, jende guti ibiltzen baita inguru hauetan. 

Erromatar jatorriak 

Protohistoriako bizigune gotorra izana zitekeen erromatarrak hona heldu aitzin. Gero Akizeko Civitas-eko lurraldea izan zen. Hazparneko elizan irakur daitekeen III. mendeko izkribuak herria Novempupanieko herri gisa azaltzen du, hots Erromatar inperioko probintzia. Ezkien plaza parean den Jondoni Bataiatzailearen elizako horman, 1660an atzeman harri erromatarraren erreprodukzioa dago. Elizaren handitzeko lanetan atzeman zuten. Bide batez, sar zaitezte eliza bisitatzera, egunez irekia egoten da. 

Emazteen oldartzea 

Erdi Aroan Hazparne ofiziale (eskulangile edo artisau) herria zen: larrugileak, txokolategileak, xuriketariak. Ondorioz merkataritza herri ere bazen. 1784an merkataritza frankizia bat ezartzearen kontra altxatu ziren Hazparneko emazteak. Eta altxamendua hain izan zen indartsua non inguruko herrietara ere hedatu baitzen. Mendekuz, elizako ezkila dorrea bota zuten. Gero 1816an egin zuten berria eta geroztik hala gelditu da. 

Zapatagintzaren urrezko aroa 

XVIII. mendetik goiti Hazparneko biztanleria emendatuz joan da. Laborantzak garrantzitsua izaten segitzen zuen. Alabaina, zapatagintza industriak loraldia ezagutu zuen 1980arte. XX. mende hasieran 2500 hazpandarrek lan egiten zuten industria horretan.

1950ean hamabost bat lantegi zeuden eta zapatak Bordelen, Okzitaniako Tolosan, Argentinan, Txilen eta Urugain saltzen zituzten, Hego Ameriketara bizitzera joan herritarren bidez. Hazparnen itzuli bat egiten baduzue, pilota plazaren ondoko eraikin handia lehengo Ary zapata lantegia zen.

Hori da garai oparo horretako azken hondarkina. Orain oinetakoak herrialde urrunetan egiten dituzte. 

Zapataginen lekukotasunak eta memoria 

Laborantza, Hazparneren erroetan 

Hazparnera heltzean ez dago dudarik: Euskal Herrian gaude.

Paisaiak laborantza eta artzaintzaren emaitza dira. Nonahi ikus daitezke ardiak, zaldiak eta behiak, hesiz mugaturiko pentze edo larretan, eta mendian. Herri honetan 200 etxalde edo baserri daude, eta Urkoirako bidean bada laborantza lanbide heziketako lizeo ospetsua. Larunbat goizetan merkatua egiten dute. Saltzaile gehienak bertako eta inguruetako ekoizle txikiak dira. Elizaren ondoan dago ere Zarea (saskia) denda. Hamabost bat laborari elkartu dira denda horren egiteko. Denak Idoki taldekoak ala laborantza biologikoko ekoizleak dira. 

Francis Jammes

Hazparne mendia, nire azken aberria, Ursuiaren lerroa zerura erantsi. Eta sinadura honek testigantza ematen du nire bizitza, arratsaldean altuera iluna bezala kendu zela.

Eihartzea etxea Francis Jammes (1868-1938) poeta frantsesaren etxea izan zen, baina gaur egun herriko kultur elkarteen egoitza da. 

Hazparne herria ezagun egin zen ere Martin Larralde laborari eta bertsolariaren omenez egin kantuetan. Hemen ezagunena Peio eta Pantxoaren "Galerianoaren kantua" dugu. Baina izen horen inguruko gertakariek Lapurdiko mugak gainditu zituzten, Joseba Sarrionandiaren "Martin Larralde" poemarekin, eta izen bereko Ruper Ordorikaren kantu zoragarriarekin. Gaur egun, Eihartzeako elkarteek galeriano horren oroimena biziarazten dute.

Hazparneko ikustekoak

Berria trinketa 

Berria trinketa, Francis Jammes karrikan, 1929an eraiki zuten. Lehen, etxe eder horretan hotel-jatetxea zegoen ere. 2018an Lauak aeronautikoa taldeko Charritton familiak ederki berritu zuen. Jatorrizko altzairuzko habeteria atxiki dute eta kanpoko argia zuzen zuzenean sartzen da kantxara. Gainera, orain pilotazaleek partidak lasaitasun osoz ikus ditzakete, berinazko horma egin dutenetik harmailen aitzinean. Ekainean egiten den txapelketa nagusia edo ostegunetako partidak (uztail eta agorrilean) aukera paregabeak izaten dira partida ederrak ikusteko. Baina Berriak jatetxe ona eta hotel dotorea izaten segitzen du... 

GEHIAGO JAKIN

Urtsua mendia 

Aturritik hegoaldera sartzen bagara, Urtsua da lehenik topatuko dugun mendia. 675 metro egiten ditu. Izena "Urtzun"etik datorkioke, Ur erroarekin. Izan ere, ur sorgi anitz dago mendi horretan. Oinez eta mendi bizikletaz ibiltzeko leku bikaina da, eta egin esfortzuaren ordainez ikuspegi zoragarriak itzultzen dizkigu. Kaskotik, Lapurdiko kostalde osoa ikus daiteke, Hendaiatik Baionara. Baldintzak onak direnean, Jaizkibel, Larrun, euskal Pirinioak eta ekialdean Pic du Midi de Bigorre ikus daitezke. 

Zelai auzotik Urtsuarako ibilbidea oinez egiteko (lien fiche rando). 

URTSUA IBILALDIA

Hazparneko garagarno bikaina 

Nolaz dago garagardotegi bat Hazparnen? Bob Worboys orain 20 urte etorri zen gurera bizitzera. 2006an, erronka hartu zuen Cambridge-ko Stourton garagarnotegiko sortzaile zen bere aitonaren bidea segitzea eta Etxeko Bob's Beer sortu zuen... Berria trinketaren parean duzue garagardotegia, eta atea ireki besterik ez duzue egin behar garagardo horren fabrikazioa ezagutzeko: Urtsua mendiko ura, Euskal Herriko garagar biologikoa... 

GEHIAGO JAKIN

Animazio nagusiak

Lehengo Hazparne 

Batzuek diote Lehengo Hazparne Ipar Euskal Herriko bestarik ederrena dela. Eta ez zaie arrazoirik falta ! Agorril hastapenean antolatzen dute urtero, XX. mende hasierako Hazparne oroitzeko. Denak garai haietako jantziz beztiturik, ezteiak antolatzen dituzte, lehen bezala: ezkongaien eta familiaren desfilea, dotearen aurkezpena, Jondoni Bataiatzailearen elizan elizkizun ofiziala... Denek parte hartzen dute eta lehengo lanbideen erakustaldiak, pilota partidak, dantzak eta kantuak izaten dira egun osoan zehar, eta ibilgailuak herrigunetik kanpo gelditzen dira. 2021ean ikusiko dugu elkar ! 

Behi lasterketak 

Lehenengo behi lasterketen aztarnak 1750ekoak dira Hazparnen. Hasieran herriko karrika guzietan egiten ziren, idiekin eta gero behiekin. Baina gero Landetako behien modarekin hemen ere hala egiten hasi ziren 1924tik goiti. Gazteek bizitasun gehiago eman nahi baitzioten tradizio horri. Iragan mendeko hirurogeiko hamarkadan behi lasterketak Ihauteri garaian egiten ziren. Orain udan egien dira, igande arratsaldetan elizako plazan eta zezen ikuskizunak ere badira asteazkenetan herriko zezen plazan.