Photo
Photo : © JC Rivas

Irati eta Kakuetako mendiak

Basabürüa

Iratiko mendiguneak Zuberoa eta Nafarroa (Garaia eta Beherea) hartzen ditu. Zubereraz Basabürüa deritzote Zuberoa Garaiari. Euskal Herriko mendi kaskorik gorenak ditugu inguruan.
Beste leku askotan bezala, hemen ohartzen gara mugen zentzugabekeriaz: Iratiko pagadian ibilki oharkabean pasa gaitezke Nafarroa Garaitik Beherera edo Zuberora. Hemen batzen eta nahasten dira ere Garazi aldeko "xuka", Larrañeko eüskara eta Otsagabia eta Izaba aldeko euskalkiak. Erreketako urak ere mugakontra ari dira: ipar isurialdean zerutik erori eta Mediterraneorako bidea hartzen baitute.

Arroilak, kaskoak eta oihanak

Zuberoko mendigunea Ipar Euskal Herriko eremu naturalena izan liteke.

Arroila sakonak eta gailur ospetsuak ditugu. Orhi (2017 m) Kantauri itsasotik etortzean topatzen dugun lehen 2000 metroko mendia da.

Urek mendigunea zizelkatu dute arroila, haitzarte, haitzebaki eta arteka ugari eraginez. Hauetako ezagunenak izango dira, dudarik gabe, Kakuetakoak. 

Hemen naturaz inguraturik gaude, munduaren zurrunbilotik moztuta, giro baketsuan, indarberritzeko eta funtsezkoenean zentratzeko leku ezin hobean. Gauza bera sentitu dezakegu Iratiko oihanean, ezen Europako pagadi handiena izanik, erraz gerta baikaitezke bakarrik zuhaitzez inguraturik.

Espeleologia eta arroila jaitsiera

Mendi ibilaldiak dira, zalantzarik gabe, Basabürüko eta Iratiko kirol jarduera nagusia. Familian ibiltzeko edo kirolari amorratuentzat, denentzako ibilbideak ditugu.

Baina Basabürüan, bere erliebe bereziari esker, beste kirol jarduera ez hain ohikoak egin ditzakegu: arroila jaitsiera eta espeleologia.

Batak eta besteak sentsazio azkarrak emateko gai dira. Neopreno jantziz eta arnesez ekipaturik, arroiletan barna, sakon-sakonean, ibiliko zarete ingurune misteriotsu bezain zoragarrian. Ausartenek ur jauziak rappel eginez jaitsiko dituzte. Hori abentura!

Satorren gisa espeleologia egin nahi dutenek ordea, Verna haitzuloan sar daitezke: lurraren erraietan ezkutatzen den areto handienetakoa da, erraldoia, irudika ezina. Ilun ilunean, argia buruan, sekulako giroa dago, eta segurtasun osoz.

Artzaintza: artzainen bizimodua

Iratiko mendigunea urtaroen eta artzaintzaren erritmoan bizi da. Oraindik bizi-bizirik dago artzaintzaren inguruko bizimodua eta tradizioa. Urtero, maiatz eta ekaina aldera artaldeak eta behiak bortura eramaten dituzte, udako bazkaleku goxoetara.

Uda sasoi horretan artzainek beren gasna etxolan bertan egiten dute. Eta udako gasnek, zapore berezia dute.

Mendiak neguan

Zuberoko haranetako etxeen arbelezko teilatuak ikusiz, ez da dudarik: neguan elurra ari du hemen.

Bazterrak oro zuriz beztitzen direnean, erraketa ibilaldiak, ipar eskia, lera eta zakur-lera praktika daitezke.

Iratiko Etxolak (1300 eta 1500 m artean) natura bete-betean daude, eta egonaldiak izigarriko xarma hartzen du dena elur denean. Ez da hegazkina hartu beharrik! Hementxe duzu sekulako bidaia !