Photo
Photo : © Studio Waaz

Xarma handiko herria

Bastida

Bastidako etxeetako hormek 700 urteko historia eta hainbeste istorio gordetzen dute. Herria Erdi Aroan sortu zen Bastida de Clarenza izenarekin. Garai hartako bastiden hirigintza antolaketa atxiki du: karrika nagusia eta arkuak dituen erdiguneko plaza karratua. Har ezazue behar den denbora elizatik eta karrika hertsietatik ibiltzeko. 

Bastidaren bisitatxoa

Herria 

XIII. mendean Nafarroak itsasorako sarbidea behar zuen merkataritzarako. Orduan sortu zuten Bastida, 1312an hain zuzen. Haran errekan portua zuen, Aturrira eta gero Atlantikora joateko.

Bastida hau, beste batzuk bezala eskualde horretan, jaun edo eliza baten erabakiz eraiki zen: bastiden lehen funtzioa lurraldea eta bere biztanleak zaintzea zen. Bastida sortu zenetik elkarrekin bizi izan dira euskaldunak eta gaskoiak. Horregatik Xarnegu herria da, odol gurutzatukoa.

Etxe batzuek Lapurdiko ezaugarriak dituzte, zurbesoekin, eta beste batzuek Nafarroa Behereko arkitektura dute eta harriz eginak dira nagusiki. 

Eliza eta hilerriak 

Bastidako eliza Iruñeko apezpikuak ireki zuen 1315ean. Orduan, harriz eginiko eraikin bakarra zen. Eliza inguruko aterpean den hilerria harrigarri gerta dakioke kanpotiarrari. Baina ohikoak dira Euskal Herrian. Bastidako lehen familien oinordeek oraindik baliatzen segitzen dute. Zurezko galeriak ere baditu. Lehen, gizonak soilik igo zitezkeen, emazteek beherean egon behar baitzuten etxeko ezkaratzean egiten zuten bezala.

Elizaren gibeletik pasatzen den bide bazterrean Juduen hilerria dago. Bastidan kokatu zen Espainia eta Portugalen zebilen inkisiziotik ihesi joan zen judu sefardi talde bat. 

Euskal Herriko trinkete zaharrena 

Hasteko, Ipar Euskal Herriko zaharrena bai da. Zurerietan eta teilatuko zuretan egin ikerketek 1512 urtekoa dela diote. Geroztik ez da asko aldatu; jatorrizko neurriak atxiki ditu. Pilotan hartzeko eremu atsegina da; pilotak dituen hogei espezialitateen artean berezienetakoak hemen jokatzen dira.

Sar zaitezte 17:30tik aurrera: taberna ere zabalik izanen da trinketeko erabiltzaileentzat eta nahi izanez gero, ordu baterako aloka dezakezue partida baten egiteko! Bestela, egun osoan zehar, saihetsean badu beste ate bat. 

Herriko ofizialeak 

Bastidak aspaldian ateak ireki zizkien eskulangileei.

Tailerrak karriketan, arkupean eta Darrieux parkean dituzte. Tailer bakoitza mundu bat da. Bisitariak bertan erosiko duena bat eta bakarra izanen da.