
Bidarrai, Kanbo, Errobiko Ibarra
Errobiko Ibarra
Errobi haranak Lapurdiko itsasbazterra eta Nafarroaren Beherearen artean lotura egiten du. Uztaritze, Kanbo, Bidarrai eta Donibane Garaziraino, urratsez urrats paisaiaz aldatzen goaz.
Mondarrain eta Artzamendi mendi inguruetan ibilbide andana dugu mendizaleentzat, eta Errobiko zirgabideak leunean lotzen ditu Baiona eta Uztaritze 15 km-ko luzeran. Errobi Euskal Herri osoan ezaguna da ur bizietako kirolak praktikatzeko.
Kanbotik Bidarraira
Errobi ibarrak Lapurdi kostaldeko Baiona eta Nafarroa Behereko Donibane Garaziren arteko lotura egiten du. 79ko-ko ibilbidea du eta paisaia oso desberdinak zeharkatzen ditu: Uztaritze eta Kanboko lautadekin hasi, Itsasutik goiti mendigunean sartzen da Mondarrain eta Artzamendi artetik, eta mendi artetik segituko du Bidarrai eta Donibane Garazi arte.
Errobi ibarreko legendak
Itsasun bada Atekagaitz deritzon lekua. Frantsesek Errolanen inguruko mito bat asmatu eta eraiki dute bertan. Euskal izena, Atekagaitz, adierazgarriagoa da ordea. Euskaldunok 1963. urtea dugu gogoan Itsasurekin. Urte hartan ospatu zen Aberri Eguna eta “Itsasuko Ageria” plazaratu Euskal Herriaren nazio eskubideak aldarrikatzeko. Horren oroitarria ikus daiteke Atharri auzoko eliza ondoan. Kanbon urtero Kanboko Txikito pilotari ospetsua omentzen dute. Batzuek diote pilotari munduko txapeldunak granadak jaurtitzen zituela bere xisterarekin Lehen Mundu Gerlan !
Errobi, herrien topagune
Errobi haraneko herri gehienak Ezpeletako Biperraren JDBaren eremuan daude. Hortik aski hurbil ditugu, Urdazuri haranean Ainhoa eta Sara herri xarmagarriak. Hemendik Nafarroa Garaia ere ez dugu urrun, eta garai batean mugalari ugarik jarduten zuen inguruetan.
Gerezien herria

Gerezi beltza oso ongi doa ardi gasnarekin. Baina Itsasuko gerezi erreximenta (marmelada) euskal bixkotxen betegarri bezala ere baliatzen dugu. Urtero ekainean ospatzen dugu Gereziaren Besta Itsasun.

BAIONA : BATERAGUNEA


BIDARRAI : BAXE NAFARROKO SARRERA

DONIBANE GARAZI : HIRI BERRITUA