Mugerre, Lehuntze, Hiriburu eta Milafrangara lehen aldiz heltzen garenean, koloreen aniztasuna zaigu deigarri egiten. Baiona inguruko herri hauek landa eremuko edo baserrialdeko goxotasuna atxiki dute, eta etxe lapurtarren arkitektura ere. Aturri eta Errobi ertzetako hezeguneen, mendietako iratze gorrailen eta Kantauri itsasoko zerumugaren artean bazter koloretsu eta orotarikoak aurkituko dituzue.
Mugerre
Parrokiaren aztarnak Erdi Arokoak dira, baina Mugerre izena lehen aldikotz 1556an agertzen da Mouguerro gisa. Dirudienez, euskal "muga" hitzetik dator, garai hartan Mugerrek herri gaskoiekiko muga linguistiko eta administratiboa markatzen baitzuen.
Baionari lotua da, eta orotariko paisaiak eskaintzen dizkigu. Aturri bazterreko "bartak" (laborantzan baliatzen diren hezeguneak) eta euskal herri txikien ezaugarriak atxiki dituen Elizaberri auzoko muinoak. Bestalde, aitzinekoarekin kontraste eginez, portuaren inguruan industrialde bat garatuz joan zen 1950 eta 1960 artean.
Mugerreko erdigunetik Gurutzeraino oinez bazoazte, lapurtar estiloko etxeak eta eliza ikusteko aukera izanen duzue. Ibilbide horretan segituz, Euskal kostaldea ikus daiteke Angelutik Gipuzkoaraino eta beste aldean Zuberoako Orhi mendiraino.
Lehuntze
Lehuntze abadiaren inguruan sortu zen. XII. mendeko eraikin erromanikoa euskarazko ebangelizazioaren hasieran sortu zuten fraideek.
Herria Aturri bazterreko muino batean dago. Portuan, bela eta ur-eski eskola bat dago, urte osoan zabalik.
Herrigunea ongi konpondu dute. Ibilbide labur batek orientazio mahai batera garamatza, bertatik paisaiaren irakurketa baten egiteko. Beste ibilbide batek, Arbeou lakutik abiatu eta zurzurien artetik bartetaraino eramanen gaitu.
Hiriburu
Herriaren jatorrizko izena Iruber zen, baina legenda batengatik Hiriburu bilakatu zen... 1400. urte inguruan, Sugulna izeneko herensuge hiru buruduna Larrunen zuen bizilekutik atera eta Irubeko Lisaga iturrira joan omen zen biztanleen izutzera. Baina zaldun gazte batek borrokatu eta biak bertan hil ziren... Hortik, herria Hiruburu izendatu zuten eta gero Hiriburu.
Zoazte Errobi bazterrean den Herensugearen iturria, Hillans-eko barten gainetik pasatzen den Lisaga ibilbidea segituz. Herrigunean, aldaketa guti jasan duten XVII eta XVIII. mendeko etxe ederrak ikus daitezke. Baionako sarreran kokaturik, Hiriburuko elkarteak biziki aktiboak dira eta La Perle gelak urte osoan zehar kultur ekitaldiak eskaintzen ditu.
Milafranga
Mugerre eta Lehuntze bezala, Milafranga gainaldean dago, baina Errobiraino iristen da.
Lehen, portu bat zegoen Santa Maria auzoan eta ontziak bertara heltzen ziren. Baionatik Uztaritzeraino zihoan zirga bidea, merkantziak garraiatzeko erabiltzen zena, bide berde bilakatu dute. Bide atsegina da familia ateraldiak egiteko, oinez edo bizikletaz; betiere motorrik gabeko ibilgailuz !
Mugerre, Beskoitze eta Urketa bezala, Milafrangan badira milioika urtez itsas sakonean pausatu ziren sedimentuek osatu gesal-hobiak daude. XX. mende hasiera arte, gatz lodia biltzen zuten janaria kontserbatzeko eta xingarra gazitzeko. Gatza Baionako portura eramaten zuten Errobi ibaian gaindi.