chateau-baigura

Lekorne, Makea eta Heleta

Baigura inguruan

Baigura zolako herriak

Lekorne eta Makea 

Makea nagusiki artzaintzari itzulia da. Onetik gasnategiak 30 urte daramatza inguruetako etxaldeen esnea biltzen horrekin gasna egiteko. Berriki, ahuntz esnea ere biltzen dute eskaintza berri batentzako. Lekornerako bidean den saltokian eros ditzakezue gasnak. 

Makea bezala, Lekornek ikuspegi zoragarriak eskaintzen dizkigu Mondarrainetik Orhiraino. Garroko gaztelua: XIII. mendean jadanik aipatzen zen gaztelu hau. Lehenik Baionari emana izan zitzaion eta gero, XX. mendean Lekornek berreskuratu zuen. Laborantza biologikorako lekua da, eta orain dela urte gutxi arte, Euskal Herria Zuzenean festibala egiten zen bertan. 

Heleta 

Heletako elizak 1695eko zurezko galeriak ditu. Donejakue Nagusiaren estatua ikus daiteke, beilariaren tramankulu guziekin: xahakoa, makila eta zakua. Herriko aterpean lo egitera gelditzen diren gaurko beilariek Errobiko bariantea hartzen dute (markatu gabea) Baionatik Donibane Garaziraino. 

Baigura, mendi mardula

Lapurdiko ipar muturretik eta Aturri bazterretatik ere ageri da Baigura. Nafarroa Beherearekin muga egiten du 897 metrotan. Urtsua bere oinetan gelditzen da, xumeago, borobilago, goxoago. Baiguraren hego aldea xutagoa da, eta hortik igaiten diren bidexkak ez dira arinkeriaz hartu behar, Baigura ez baita ibilalditxo horietako bat. Baigura ikustean, segidan jabetzen gara laborantza eta artzaintza gunea dela. Baina oihan lanek eta lur zuri (kaolin edo toska) harrobien ustiaketa ere garrantzizko jarduerak izan ziren 1970 arte. Orain beste jarduera batzuek leku hartu dute Baigura mendigunean. Lekornek, Heletak eta Luhusok Baigurako aisialdi gunea sortu zutenetik hain zuzen. 

Kaskorat igotzeko "trena" 

Urrunetik ikus daiteke Baigura gailurrera zigi-zagan igotzen den errepidea, baina hau artzainentzako da bakarrik. Hala erabaki zuten lekua babesteko. Parapente zaleek aspaldian ezagutzen dute Baigura. Izan ere, hegaldi baldintza onak eta irisgarritasun erosoa eskaintzen baititu. Hemen gaindi bizi diren saiek erakusten diete non dauden korronte beroak, eta saiak segituz hegaldi luzeak egin ditzakete. Baigurako trena urte osoan ibilki da, sasoien arabera ordutegiak egokituz. Gainetik ikuspegi zabala dugu alde guzietara: Orhi, Iparla, Lapurdiko kostaldea, Aturri... Frantzia ere ikus daiteke urrunean, iparraldera. Haurrekin baldin bagoaz, tren gidariari eska diezaiokegu igoera erdian gelditzeko. Hortik interpretazio, edo lekuaren ezagutzeko ibilbide prestatua dago. 

Kirolarientzako aisialdi gunea 

Lekornek, Makeak eta Luhusok Baigurako aisialdi gunea sortu zutenetik, mendi kiroletako profesional zenbaitek eskaintza zabala garatu dute bertan. Parapente bataioak du, dudarik gabe, arrakastarik handiena! Baina besterik ere egin daiteke Baigura inguruan: gailurretik hurbil eskalada egiteko haitzak daude, mendi bizikletaz ere bada zer egin, edo mendi troninetarekin goitik behera jaitsiera egin daiteke, eta guzti hori profesionalen laguntzarekin. Bestela, sinpleago, oinetako pare bat hartu eta zoazte ibiltzera. Kirolaren ondotik... aisialdi guneko taberna eta jatetxea dituzue zain. 

Ardi eta pottoken paradisua 

Inguru hauetan abeltzaintza jarduera ekonomiko garrantzitsua eta aspaldikoa da. Laborariek beren ardiak Baigura aldera igortzen dituzte ekainetik goiti. Honela, etxaldeko janari erreserbak gutiago kontsumitu eta negurako atxikitzen dituzte. Hogeita hamar bat artzain borda daude Baigura inguruan. Eta ardiekin egiazko "elkarbizitzan" ditugu pottokak; hauek ordea urte osoan egoten dira mendian, horretarako eginak baitira. Genetikoki mendian egoteko sortuak dira: zango laburrak eta sendoak, eta sabel handia belar anitz jan behar baitute elementuei aurre egiteko. Animalia atseginak dira, goxoak dirudite, baina kasu! Animalia basak dira eta ustekabeko erreakzioak ukan ditzakete. 

Uztail eta agorrilean artzainekin egoteko aukera 

Mendiguneak mendizaleentzako eta bestelako kirolarientzako lekua izan aitzin, artzainen lan eremua izan da, haiek bereziki dute mendia zaintzen. Udako bi hilabeteetan goizeko 9:30tan Baigurako aisialdi gunean artzain batekin hitz egin dezakezue. Berak azalduko dizue nola lan egiten duen, artaldea nola kudeatzen duen, zakurrak nola laguntzen duen eta bere egunerokoa nolakoa den. Harekin igo zaitezkete ere trenean gailurreraino, ikuspegi zabala ukateko eta trago baten hartzeko. Jatekoa eramatea gomendatzen dizuegu. Horrela denbora gehiago pasa dezakezue han gainean eta arratsaldean jaitsi. 

Ikustekoak

Animazio inportanteak

Makea Oinez 

Makea oinez herriko biztanle batzuek sortu zuten 2000. urtean. Oinezko ibilaldi egun horrek hasieran 80 ibiltari biltzen zituen eta orain 900etik gora! Hiru ibilbide egiteko daude egun horretan: Urtsua, Baigura eta Makea Oinez. Azkena da zailena. Mendizale trebatuek estimatuko dute: 38 km eta 1930 metro desnibel! Orain dela urte bete, gurpildun aulkientzako ibilbide bat ere antolatu dute, denek goza ahal dezaten egun zoragarri hori. Datorrena, 2021eko urriko bigarren asteburuan. 

 

 

Heletako pottoka feria 

Santa Kattalin eguna gauza serioa da heletarrentzat: pottoka feria ospatzen dute. Heletan 300 urteko ohitura dute azaroaren 25ean pottoka azokarena. Euskal Herriko pottoka feriarik handienetakoa da. Pottokak pentzeetan lan egiteko erabiltzen ziren lehen. Geroztik beste animalia batzuk ere gomitatu dituzte: zaldiak, xaldiak eta astoak. 

 

 

Besta Berri 

Besta Berri urtero Mendekoste ondoko 2. eta 3. igandearekin ospatzen da. Besta Berri kari soilik dantza daiteke eliza barnean elizkizun denboran: Napoleon garaiko jantziz beztiturik Zapurrek eta soldaduek dantza urrats zehatzak ematen dituzte. Goizeko meza eta arratsaldeko bezperen ondotik, Sakramentu prozesioa egiten dute herriko plazan makilarien ikuskizunarekin.