entree de la grotte de la source de la bidouze avec vue sur la foret
OTPB

Biduze

Lapiotz (Biduze) erreka Arbailetako mendigunean sortzen da, Zubero eta Nafarroa Behera artean. 80 km-ko ibilbidea egiten du zigi-zaga Donaixti Ibarre eta Donapaleu zeharkatuz eta bukaeran Gixunen lotzen zaio Aturri ibaiari. Errekaren sorgira daraman ibilbidea atsegina eginen zaizue: bukaeran harpe bat dago.

Biduze ezagutu

Lapiotzak (Biduzek) eta bereziki bere iturburuak urtero naturazale eta ibiltari anitz erakartzen ditu. Eltzarreko Ordokia deitu lurpeko aintzira txiki batean sortzen da. Iturburua babesten duen harpea Arbailetako mendigunean da. Zuberoa eta Nafarroa Behera probintzietan hedatzen da Arbailetako oihana. Baina, Herensugek zati kendu omen zion. Hemen, oihan honetan ezkutatzen dira ere Lamiak.

Arbailetako egonaldia luzatu nahi baduzue, han goxoki egon baitzarete, D918 errepidea segi dezakezue Ahüskiko iturriraino.

Biduzeko ibilaldiak

Lapiotz edo Biduzeko iturburura daraman ibilbideak 9 km eta 460 m desnibel egiten ditu. 3 ordu eta erditan egin daiteke.

Abiatzea: Donaixti Ibarre pasa eta Eztigar sagardo ekoizleen seinalea segitu. Errepidea 3 km-tan segi eta ibilaldiaren hastapeneko aparkaleku txikira helduko zarete. Ez ahantz oinetako egokiak eramatea, ezen hezetasun handia baita eta lerratzeko arriskua ere.

Lehenik, erreka bazterreko pista zabal batetik ibiliko zarete. Gero, bidexka bilakatzen da eta pagadi batean sartzen da. Une baten buruan iritsiko zarete Lapiotzeko iturburura. Merezi du hor momentu batez egoteko astia hartzea. Ikusiko duzue, harpearen egiteko, urak egin duen milaka urteko lana.

Gainaldeko sabaiak bizilagun erasokor zenbait baditu. Zortea eta pazientzia baldin baduzue, menturaz ugatza ikusteko zoriona ezagutuko duzue. Bestela, sai zuriak ("behi bideko andere xuria" izenez ere ezagunak) ikusteko aukera izanen duzue.

Haran hertsi hori Beltxu mendi oinetik pasatzen da, Hozta herriaren gainetik dagoena.

Gastronomia geldialdia

Halako ibilaldi batek gosea pizten du. Donaixti Ibarrera itzultzeko bidean geldi zaitezte Eztigar sagarno eta sagar jus egileenean. Ekoizle kooperatiba 1990kadan sortu zuten, hemengo sagar ekoizleek, sagarra berpizteko xedearekin. Euskal edari zaharrenetakoa dastatzeko aukera paregabea izan daiteke. Marie eta Clément-ek euskal sagar biologikoekin egiten dute beren sagarnoa.

Biduzeko aktibitateak