Karrika animatuak, garbiak eta loreztatuak, Aturri eta Errobi bazterreko kaiak eta terraza eguzkitsuak eskaintzen ditu Baionak. Baiona euskal hiriak izate gaskoia du ere, historiaren gorabeheren ondorioz; eta gaur egun bertako animazio eta bestak bi nortasun hauen gainean oinarritzen dira.
Mila urtetik gorako ondarearen inguruan bizi giro atsegina garatu dute baionarrek, eta bisitariek beti atsegin izaten dute.
Gainera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoara joateko abiapuntu ezin hobea da !
Baiona, Arte eta Historia hiria
Ondare paregabea
Baionak ondare ikaragarria du, bere historiari esker. 15 mendetik gorako hiri gotorraren destinoa bere kokapen bereziari lotua da, Aturri eta Errobi ibaien juntan eta Iberiar penintsulatik hurbil. "Arte eta historia hiri" izendapena eskuratu zuen 2000 urteko historia eta ondare aberatsa aitortuz !
Segi ezazue gida ! Urte osoan zehar hiri deskubritzeko gida bat kontrata dezakezue, hiriaren txoko eta sekretu guzien ezagutzeko ! Iraupena: 2 oren; pertsona bakoitzeko 7 €tik goiti.
Erlijio monumentuak
Andere Maria katedralaren bi orratzak hiriko leku guzietatik ageri dira. Frantziar Champagne eskualdeko eragin nabarmena du eta eraikin gotikoen artean aipagarrienetako bat da, menturaz Compostelarako beilariek hemen transmititu jakintzari esker. Gotiko sutsu estiloko klaustroa Europa mendebaldeko handienetako bat da. Apezpiku jauregia parean du. San Andres eta Espiritu Sainduko elizak ere hiriaren erlijio historiaren lekuko ditugu.
Hiri gotorra
Hiriaren inguruan aurkitzen ditugu ehunka urtez leundu harri zaharrez eraiki defentsa harresiak. Mendez mende egokituz joan ziren, baina Vauban-ek zien gaur egungo itxura eman. Hiri erdiko Gaztelu Zaharra, antzinako gaztelu erromatar baten hondarkinen gainean eraiki zuten. Erdi Aroko gotorleku sendoa da. Gaztelu Berria, aldiz, Baiona Tipiaren gainaldean egin zuen Karlos VII.ak, Ehun Urteko Gerlaren biharamunean. Vauban-en Zitadelak, Aturri eskuin aldean, hegoalderako ikuspegi ederra eskaintzen du bere ate nagusitik.
Museoak
- Baionako Euskal Museoa: 1922an sortua, Baionako historia eta euskal gizartearen tradizioak azaltzen ditu 20 bat aretotan, arreta handiz hautatu objektuen bidez.
Harremana : www.musee-basque.com
- Bonnat-Helleu Museoa: Baionako arte ederren museoa. Oraingoz itxirik dago zaharberritze lanak direla-eta.
Baiona erosketa hiria
Baiona merkataritza hiria da eta urte osoan egin daitezke orotariko erosketak
Baionak merkataritza tradizioari eusten dio: saltoki erakargarrien artean baditugu marka handikoak eta denda txikiagoak, nortasun berezikoak, oinezkoei leku babestua eskaintzen dien gune historikoan. Katedraleko karriketan gaindi ibiltzea eta erakusleiho baten aitzinean gelditzea besterik ez da behar oihal eder bat edo lehengo objektu zahar bat erosi nahi izateko, halaber Baltard estiloko Merkatu estalian, baina bertako mozkin goxoak dastatzeko. Baionan, behar duzun guztia aurki dezakezu, kapelutik oinetakoetara, handientzat eta txikientzat. Kalitatezko liburu denda ugari, bitxi egile sortzaileak eta abar aurkituko dituzu, eta erosketen ondotik taberna batetako terrazan geldituko zara edari goxo baten hartzera.
Turismo Bulegoko saltokia
Bertan aurkituko dituzue Ipar Euskal Herriko oroitzapen opariak. Baionako bestetako afitxak, atorrak, Ezpeletako Biperra... Tira, segur zertxobait aurkituko duzula etxera eramateko !
Ahozurien hiria
Baionak gastronomia ospe handia du, zalantzarik gabe. Mota askotako jatetxeak ditugu, eta jende orok atzemanen du hemen bere gustuko mahaia. Pintxotik plater osatuenera, ongi janen duzu eta segur da itzultzeko gogoa izanen duzula! Gure jatetxeak zain dituzu ! …
Sagardotegiak, jatetxe gastronomikoak, tradiziozkoak edo exotikoak, Ostatuak edo Sotoak... Baionan, ongi jateko hauturik ez da falta. Eta Hondarribian, Donostian edo Lekeition bezala, aukerarik izanen duzu pintxoak barran jateko!
Eta hautatzea zailegi egiten bazaizu, galde egiozu baionar bati; gogotik gomendatuko dizkizu batzuk !
Baiona eta txokolatea
Baiona nazioartean ezaguna da bere xingarrarengatik (urdaiazpikoa), baina txokolatearen hiri historikoa da ere! Ameriketatik kontinente zaharrera Baionako portutik sartu baitzen. Gida batekin bisita egiten baduzu, berak nehork baino hobeki kontatuko dizu txokolatearen historia.
Baionako txokolatea jan eta edan daiteke. Kalitatezko lehengaiez eta nahasketa zehatzez egina, kakao kopuru azkarreko txokolate beltz eta garratzak du osperik handiena.
Gaur egun oraindik erreferentziazko zazpi txokolategile ditugu hirian. Kofradia batean elkartu dira beren jakitatea transmititzeko eta Txokolatearen Akademiak urte osoan jarduten du Baionako txokolatearen ospea zaintzeko, bereziki txokolate egunak antolatuz.
Baiona eta xingarra
Legenda baten arabera, Gaston Phoebus-ek basurde bat zauritu eta animalia Salies-eko ur gazietara erori omen zen. Hurrengo ehiza denboraldian ehiztari batzuek atzeman zuten ongi kontserbaturik. Eta bide batez, gatzik onena eta bere elikadura bertuteak deskubritu zituzten...
Geroztik, Baionako portuaren dinamismoari esker, xingarra ontziz igortzen dugu mundu osora. Baionako Xingarra: Deitura Geografiko Babestu bat xingarraren ospea zaintzeko. 1998tik deitura geografiko babestu batek Baionako Xingar egiazkoak babesten ditu, baldintza-agiri zorrotz bati esker. Urte osoan zehar etor zaitezke jaki bikain horren dastatzera.
Gehiago jakin Euskal Herriko xingarretan
.
Baiona, natura hiria
Oinezkoak jaun eta jabe
Baionak aspaldidanik baditu oinezko karrikak, bereziki alde zaharrean. Erosketak lasaiki egiteko besterik ez baita, oinezkoei leku berezia bermatzen die. Zer plazerra, karrika zahar horietatik eta aire librean erosketak egin ahal izatea !
Joan-jinkari elektrikoak
Baionak urteak daramatza erdi gunean ibilgailuen trafikoa murrizteko lanetan. Horretarako, joan-jinkari elektrikoak ezarri ditu. Kolore laranja dute, eta hiriko leku nagusietatik pasatzen dira. Gainera urririk dira, eta 7:30tik 19:30era ibiltzen dira egunero, igande eta besta egunetan izan ezik. Sei minutuero pasatzen da bat! Museoak, San Andres eliza, Katedrala eta Gaztelu Zaharra bezalako lekuetatik pasatzen dira.
Baiona bizikletaz
Gaur egun Baionak 40 km-ko bizikleta ibilbide babestuak eskaintzen ditu: hiria ezagutzeko modu sinple eta merkea. Euskal Hirigune Elkargoak Bizikleta Elektrikoak ezarri ditu, alokairuan. “Vélibleu” du izena zerbitzu horrek. Denbora laburreko alokairuak dira, eta Lapurdi kostaldeko hiri gehienetan aurkitzen dira, Hendaia eta Frantziako Tarnos artean. Baionan bi lekutan atzeman daitezke: Baionako tren geltoki ondoan eta Herriko Etxe aitzinean Aturri bazterrean.
Parkeak eta naturaguneak
Baionako leku gehienetan sartua da natura, eta bioaniztasuna aberasteko baliagarri da. Baionako parke eta lorategiek estilo eta espezie desberdin anitz eskaintzen dute. Lasai egon nahi duenarentzat edo landarezaleentzat leku apartak dira. Baiona hiri atsegina baldin bada, neurri handi batean zuhaitz kopuruari esker da. Gainera, hauen kopurua etengabe emendatzen ari da ! Lorezaintza zerbitzuak 180 hektarea zaintzen eta kudeatzen ditu: belardiak, loreguneak, kirol zelaiak, zuhaiztiak, eta abar.
Ansot-eko ordokia, historia naturalaren museoa, baratze botanikoa, Leon Bonnat parkea, Poterne-ko lorategia … Baduzu zer ikusi !
Baiona kirol hiria
- Pilota : Baionako kirol nagusia plaza libre eta trinketeetan jokatzen da. San Andres trinketa Euskal Herriko zaharrena da. Trinketa Modernoa aldiz, munduan lehena izan zen berinazko hormez egina.
- Arrauna : Arrauna Baionako kirol historikoa da. Izan ere, 1875 sortu zen «Société Nautique de Bayonne» ur-kirol elkartea, eta 30 urte geroago, zatiketa baten ondorioz, "Aviron Bayonnais " sortu zuten batzuek.
- Golfa : 10 golf ibilbide baino gehiagorekin, Lapurdi golf zaleentzako leku biziki erakargarria da. Makila Golf Club-a hiri erditik 3 km-ra dago. Rocky Roquemore arkitektoak diseinatu zuen naturagune handi baten erdian mendiei begira. Hurbil ere, Xiberta-ko Golfa. Europako ederrenetako bat da. Biarritzekoa ordea, Itsasargiko Golfa, zaharrenetako bat da eta ospe handia du.
Errugbia : Baiona eta errugbiaren artekoa, amodio istorio bat da. Aviron Bayonnais errugbi taldea hiriaren ikur nagusietako bat da, eta Lapurdiko hiriburuaren kirol, dinamismo eta besta giroaren irudia.
Frantziako Txapelketan lehiatzen da. 2019an 2. mailan zegoen eta aurten 1.era itzuli da. Jean Dauger estadioak giro famatua du !
Street Art aldean
Baionara etorriko zaretenean, ez itzazue huts egin han eta hemen margotuak diren irudi erraldoiak eta bestelako arte ekitaldiak. Baionan 80 Street Art obra baino gehiago daude ikusgai !
"Points de Vue" festibala
Baionako Spacejunk arte elkarteak antolatzen du "Points de Vue" festibala, karrika artea ezagutarazteko xedearekin eta horretarako nazioarteko artistak ekartzen ditu. 3 urte bete dituen festibala aukera paregabea da mundu mailan garatzen ari den mugimendu horren aurpegi desberdinak ezagutzeko. Spacejunk elkarteari esker, sekulan izan den arte mugimendu handienaren ezagutzeko parada dugu. Graffiti-ekin hasi eta horma handiak margotzeraino, festibal horren xedea karrika arte horren egoeraren berri ematea eta publiko zabalari helaraztea da.