Photo
Photo : © Teddy Bear

LAPURDIKO ITSASBAZTERRA

Lapurdiko itsasbazterretik, Kantauri itsaso harroa ikus dezakegu, eta ezkerrean Lapurdiren sei ahizpetako bi: hortxe Gipuzkoa eta han Bizkaia. Kasurik ez ipar orratzari; leku onean zaude.

Frantziako muga eta Gipuzkoa artean 40 km baino egiten ez dituen kostaldeak izigarriko altxorrak ditu erakusteko.

Kantauri itsasoa

Ekaitzetan harrotzen denean izugarria eta ikusgarria da. Geroari erraten dio olatuetan itsas hegia berak duela moldatzen. Mundu osoko surflariek miresten dituzten uhain horiek. Ekaitzaren ostean barea, eguzkiaren printzek laztandurik, meditaziorako deia.

Itsasoa etengabe aldatzen ari da; ezin aspertu. 

Hain funtsezkoa zaigun itsaso horrek mendeetan barna euskaldunen bizimodua landu du, bereziki arrantzaren inguruan. Balea ehizarekin edo hegaluze eta sardina arrantzarekin bizi izan gara. Gure herriaren ekonomia zati handi batean itsasoari lotua zen.

Gaur egun, itsaso horretatik da aberasten turismoaren industria, gure gaurko ekonomiaren zutabe nagusi bilakatua.

Aniztasuna

Hemen ez duzu luzaz ibili behar giroz aldatzeko. Hiri eta herriak hain lerro-lerro ditugu hemen, non batetik bestera pasatzeaz ez garen ohartzen ere. Alabaina, leku bakoitzak berezko ezaugarriak ditu.

Paisaien aniztasuna.

Gizakiak beti nahi izan ditu elementuak menperatu. Donibane Lohizune - Ziburu horren adibide dugu: itsas harresiak eraiki zituzten hiria eta portua itsasoaren oldarretatik babesteko. Badiak hondartza handi eta ederra eskaintzen du, uhainen gerizan. Haurrentzako bikaina da. Ziburuko Zokoa auzoko hondartza ere antzekoa da, txikiagoa baina Gazteluaren babesean dago.

 

Hondartza bazterrean etzanik egotea atsegin dutenek Angelu, Biarritz, Bidarte eta Hendaian ere atzemanen dute hondar fin-fina. Hauetan ordea, itsasoaren aldarteak bete-betean bizi ditugu: indartsu eta ustekabekoa abenturazaleentzat; edo lasaia eta baketsua eguzkipean etzanik egon nahi duenarentzat. 

 

Geologia zaleek eta beste guztiek, munduan bakarrak diren Flish ezpondak ikus ditzakete hondartzen artean. Garai urrunetatik lanean dabiltzan plaka tektonikoen arteko talkaz, lurrikaraz, higaduraz « tolestutako » arroka. Hala, Donibane Lohizuneko hondartza gaineko labarrak « plater metaketa » deitu izan dute beti, geologia fenomenoa ezin hobeki azalduz. Fenomenoa Urruña eta Hendaia arteko erlaitza errepidetik ere ikus daiteke.

Hiri eta herrien aniztasuna 

Biarritz eta Donibane Lohizune dira Lapurdi itsasbazterreko bi hiri nagusiak. Zertan dira berdinak? Monarken leku kutunak izan dira. Montijo-ko Eugeniak eta bere senar Napoleon III.ak eragin handia izan zuten Biarritzen. Hiriaren garapenean eta aberastean zeregin handia izan zuten. Donibane Lohizunek ordea, Frantziako Versailles-eko gortearen inbasioa bizi izan zuen Luis XIV erregea eta Espainiako infanta Maria Teresa ezkondu zirenean.

Bi gertakari hauek neurri handi batean baldintzatu zuten bi hirien historia eta arkitektura.

Baina, itsasbazter horretan badira ere itsasoarekin harreman intimoagoa duten herriak; historikoki arrantzale portu izanak, eta denboraren poderioz surfarekin itsasoarekiko lotura hori eraberritu dutenak: Bidarte eta Getaria. Ziburuk ordea, arrantzale portu izateari eusten dio.

Kirol jardueren aniztasuna 

Uretako kirol jardueren eskaintza berez ikaragarria da.  

Bistan dena, surf eskola ugari dugu kostaldean, eta maila guztientzat. Baina beste kirol ez hain "arruntak" ere baditugu: paddle, hidrofoil eta beste hainbeste lerra kirol, denak azalekoak. Eta badira ere urpekoak edo haizearen indarra baliatzen dituztenak. 

Lehorrean, Angelu, Arrangoitze, Biarritz, Ziburu eta Donibane Lohizuneko bost golfetan swing-a lantzeko eskaintza zabala atzemanen dute zaleek. 

Gainera, mendiak ez ditugu urrun. Itsasora lerratzen dira. Uhain egonkorrak bailira... ibilaldi ugari eskaintzen dute, hatsanturik utziko zaituzteten itsasorako ikuspegiekin. 

Eta, nola ez... gure kirol nazionala, Euskal Herrikoa: pilota. 

Giro desberdin anitz 

Leku bakoitzak berezko giroa du. Begi bistakoa ez bada ere, hala da…

Bat baino gehiago harrituko da Getaria, kostaldeko herri txikienean dagoen Biarritz antzeko « Burgestxo-chic » « Cocktail espartin » giroarekin. Nolaz? Nehork ez dakike, baina jakina da.

Donibane Lohizune eta Ziburun ordea, itsasturien bizi gogorraren aztarnak gelditzen dira; giroan oraindik sentitzen da. Urruñak berriz ez du itsasorako sarbide erosorik, eta laborantzara itzuli zen besteak baino gehiago. Hemen, giroa askoz ere herrikoiagoa da, eta harrera sinplea. Hori da behintzat guk hemendik sentitzen duguna. Eta zuk, zer diozu?