Senpere herri biziki hedatua da eta auzotan antolatua da. Senperen historia gertakizun anitz izan zen, eta bereziki "sorginak" zeritzen euskal herritarren kontrako jazarpen eta ehiza: inkisizioa. Baina, historiak gertakari baikorrak ere baditu, hemen sortu baitzen xistera.
Gaur egun Senpere leku atsegina da, eta bere ospe handiko aintzira aisialdirako leku nagusi bilakatu da.
Senpereko auzoguneak
Saint-Pée-sur-Nivelle et ses quartiers
Senpere herri biziki hedatua denez, auzoak garatzen joan dira, bizigune edo herrixka bilakatuz.
Herri erdia: auzo nagusia
Errepide nagusiak erditik zeharkatzen zuen, baina geroztik ingurubide bat egin dute. Karrika nagusi horretan zurbesoz eginiko etxe ederrak ditugu. Pilota plaza ekitaldi eta animazio guztien leku nagusia da, besteak beste joko garbiko pilota partidak.
Oinez itzulitxo bat eginez gero, Urdazuri ibai bazterreko parkea, eliza eta Utsaleako erromatar zubia ikusiko dituzue.
Ibarrun auzoa
Donibane Lohizuetik heldu zaretenean Ibarrun da zeharkatuko duzuen lehen auzoa. Senpertarek atsegin dute horko pilota plazan pilotan aritzea eta ondotik taberna batean lagunekin egotea.
Ibilbide anitz abiatzen dira hemendik, besteak beste Santa Barbarakoa.
Amotze auzoa
Saratik jitean Amotzetik pasako zarete. Hau ere pilota plazaren inguruan antolatu da. Amotzeko kapera ez da huts egin behar.
Senperetik ibiltzean, beste auzoak ere ikusiko dituzue: Hergarai, Helbarrun, Olha, Herburua eta abar.
Sorginak Senperen ?
Saint-Pée-sur-Nivelle : un village de sorcière ?
XVII. mende hasieran, Frantziako Erregeak entzun omen zuen Euskal Herrian sorginkeria egiten zela eta Bordeleko Pierre de Lancre epailea igorri zuen bertara. Epailea eta bere tropa Senpereko Gazteluan kokatu ziren gure gizartea “aztertzeko”.
Sorginkeria ala euskal kultura ?
Frantsesentzat Euskal Herriko hizkuntza eta ohiturak arrotzak ziren, frantsesak guretzat bezalaxe. Gure gizartea nagusiki matriarkala zen, ezen gizonak hilabete luzeetarako joaten baitziren Kanada aldera balea arrantzatzera.
Gizartearen antolaketa berezi horrek, gehi hizkuntzak, dantzak eta kantuak aitzakiatzat hartuz frantses epaileak hemen sorginkeria zegoela erabaki zuen.
Eta ondotik epaitzen hasi ziren.
Sorgin ehiza
Epaitegi ibiltaria Senperera iritsi zen 1609ko uztailaren 2an. Epaitegiko taldean baziren epaile bat, borrero bat eta bi kirurgilari.
Lapurdin eta Zuberoan jardun zuen bereziki epaitegi horrek, eta erraten denaren kontra, ez zituzten emazteak bakarrik erre, baizik eta bertako jende mota oro, gizonak eta emazteak, eta lehenik eta behin eliteko jendea.
Epaiketek eta sarraskiek 3 hilabetez iraun zuten eta zorionez arrantzaleak itsasotik itzultzean Pierre de Lancre epaile frantsesa kanporatu zuten.
Nestor Basterretxearen oroitarria
Gaur egun gaztelua suntsitua dago. Haren ondoan ezarri dute oroitarri bat, Euskal Herriaren garai ilun horien oroitzeko. Eskultura epaiketa horien biktima errugabeen ohoretan egina izan da eta tolerantzia eta memoria betebeharra aldarrikatzen ditu.
-
Liburutxa sorgineei buruz
Telekarga ezazu ( 710 KB )
Pilotaren sehaska
Xisteraren legenda
Senperen sortu zen xistera.
Hamahiru urteko mutiko batek zaharrek egiten zituzten zume saskiak ikusirik, pilotan hartzeko saski baten egitea bururatu zitzaion, eta horrela sortu zen lehen xistera.
Pixkanaka zabaltzen joan zen eta joko berriak agertu ziren, besteak beste Joko Garbi eta Zesta Punta.
Xistera eta Pilota museoa
Pilota eta xisteraren eko-museoan beste istorio andana irakur ditzakezue pilotaren historiaren adierazgarri.
Bertan azalduko dira ere pilota joko desberdinak. Joko bakoitzari erabiltzen den tresnaren izena eman zaio. Ezagunak ditugu, pala, eskua, xarea, eta xistera. Orotara 21 joko desberdin ditugu, bakoitza bere arau eta joko eremu bereziekin, hala nola plaza librea, trinketea edo Jai-Alaia.
Museora sartuz gero, gure kirol nazionalaren sekretuak argituko zaizkizue, eta xisterak eta pilotak egiteko teknikak ezagutuko dituzue.
Pantaila handian pilota partida historiko batzuen zatiak eta jokalari ospetsuak ikusteko aukera izanen duzue.
Senpereko aintzira
Le lac de Saint-Pée-sur-Nivelle
Herri erditik bi kilometrora, naturagune batean dago Senpereko aintzira. Lau erreketako urak biltzen ditu eta 12 hektareako azalera du. Urte osoan mantentzen dute. Aintziraren itzuliak 3 km egiten ditu. Ibilaldi erraza da.
Bertan aisialdi gunea antolatu dute eta hainbat kirol jarduera egin daitezke: kanoa, kayaka, ur-xirrixta, pedaloak. Uztailean eta agorrilean zaintzen dute bainatzea. 700 metroko hondartzan jolasteko leku anitz aurkituko dute haurrek.
Lekuak honakoak ere eskaintzen ditu: osasun ibilbidea, 2 tenis zelai, arrantza gunea, piknikatzeko guneak, eta autokarabanentzako eremua.
Aintzira inguruko eta sarreretako aparkalekuetan aparkatzeko ordaindu behar da ekainaren 15etik irailaren 15era.
Zakurrak estekan eraman behar dira eta hondartzetan debekatuak dira.