Photo
Photo : © Yoni

Ziburu : arrantzale herria

Ziburu

Ziburutik Donibane Lohizunera zubi bat besterik ez da. Hortik datorkio Ziburu, zubi buru, izena. Baina jakina da, Bidasoarekin bezala, naturak ez duela mugarik, eta hemen badiak Donibane eta Ziburu batzen ditu. Biak « Arte eta Historia herri izendatu izan ziren». Ziburuk 6250 biztanle ditu, eta betidanik itsasoari itzulia da. Iragan mendera arte, arrantzak eta kontserba lantegiek biziarazten zituzten herritar guztiak. Historia horrek aztarna azkarrak utzi ditu, besteak beste jendeen izatean, nahiz eta gaur egun herriaren ekonomia gehien bat turismoari lotua den.

Herri erdia

Pilota plazatik elizarako karrika hertsiek xarma harrigarria dute. Labur izanen da batetik bestera pasatzea, giro atsegingarri batean.

San Bixintxo eliza XIV. mendekoa da eta estilo barrokoa du: euskal elizen ezaugarri guztiak ditu, bereziki galeriak, eta ontzi itxurako ex-votoa, arrantzaleek ama birjinari eskainia bere gerizaz eskertzeko.

Euskaldunek erlijio katoliko aski gotorra bizi izan dugu, baina, bagenekien halere pilota partida eta festekin ongi pasatzen ere. Pilota plazaren aldeetan, justuki, tabernak eta jatetxeak ditugu, platanondoen itzalpean. Bien artean, 1676an eraiki iturria dago. Gaur egun Monumentu Historiko sailkatua da, baina garai batean ur edangarria eskaintzen zuen iturri bakarra zen, eta, bistan dena, solasketarako lekua emankorra.

Frontoia: ziburuen topagunea

Erran genezake ziburutarrek beren euskalki propioa dutela, gauza batzuetan behintzat, eta familia handi bat balira bezala bizi dira.

Lotura ikusezin horiek aurreko belaunaldien bizi baldintza gogorrei zor dizkiete, arrantza ez baitzen beti nahi bezain ona, itsasoaren nahiaren menpe, eta horrek elkartasun espiritu handia garatu zuen biztanleen artean.

Gaur egun, bizi baldintza hobeak dituzte, baina oinordetzan eskuratu espirituak bizirik dirau. Gainera, uztail eta agorriletik kanpo, pilota plaza inguruko ostatu eta tabernek pintxo potea antolatzen dute ostegunetan. Denak ongi etorriak zarete !

Zokoako auzoa

Hondartzak eta itsas jarduera

Herri erditik aise heltzen gara, oinez ala bizikletaz, Zokoako gotorlekura, D 912 errepide bazterretik doan ibilbidetik.

Itsasorako eta gaztelurako ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu ibilbideak.

Zokoako hondartza itsasoaren oldarretatik babesteko itsas harresi handia egin dute. Hondartza txikia da, baina familia eta haurrentzako egokia.

Eta aitzina segituz gero, kaian atzemanen dituzue prezio guzietako jatetxeak, bela ontziak eta bestelako itsasontziak ere.

Zokoa leku bikaina da ur gaineko eta ur peko kirolak praktikatzeko. Hainbat bela eta urpekaritza eskola daude bertan, eta beren lokalak itsas harresiaren barnean dituzte. Badia paddle-ean bisitatzeko leku aproposa da ere. Jende guzti horiek, harmonia betean bizi dira gotorlekuaren babesean. 

Zokoako gotorlekua

 

Baina, noski, ez zuten horretarako eraiki. 1627an eraikitzen hasi eta Vauban-ek bere ikutua eman zion, Zokoako portua eta Donibane Lohizune - Ziburuko badia babesteko.

Zeregin horretan aritu zen XIX. mendera arte. Gero, frantses armadak eta aduana zerbitzuek erabili zuten. Ondotik pribatua bilakatu eta "Yacht-Club basque" bela elkarteko eta itsas udalekuentzako egoitza izan zen.

2012an Hego Lapurdiko Hirigune Elkargoak erosi zuen. Orain, itsasoari loturiko Europako unibertsitate gunea egiteko proiektua garatzen ari dira.

Egiategia, itsas arnogintza 

2008an Emmanuel Poirmeur, enologo berritzailea proiektu ero batean murgildu zen.

Itsas arnogintza garatzen hasi zen, arno upelak Donibane Lohizune-Ziburuko badian murgilduz, fermentazio prozesua osoki naturala izan zedin. Prozesu iraultzailea da.

Hastapenean, askok erotzat jo zuten, baina oztopoak gaindituz, metodoa hobetuz joan zen eta gaur egun bere arnoa eskualdeko jatetxe handienetan aurkitzen da. Sotoa urte osoan bisita daiteke.

Babes blokeak jaurtitzea

Zokoan ere Donibane Lohizuneko badia - Ziburuko dikeak babesteko erabiltzen diren hormigoizko blokeak fabrikatu eta biltegiratzen dira.

Mendearen amaieratik aurrera, dikeak babestu behar ziren itsasoko higadurak garbitu ez zitezen. Horretarako, aldizka blokeak uretara sartu dira: 1984tik hogeita hamar urte inguru inguru. Gaur egun, 20.000 bloke baino gehiago daude urpean Artha eta Zokoako dikeen inguruan.

50 tonako pisua eta 20 m3-ko bolumena duten hormigoizko bloke ofitak dira.

Abiarazte sistema bere horretan mantendu da egungo blokeak garraiatzeko pontoia garaiko plan berdinen arabera eraiki zenetik. Itsasontzi pribatua beharrezkoa da itsasoratzeko. Bloke zintzilikarioaren egitura baten bidez loturiko bi itsasontzik osatzen dute dikeen atzean jartzeko.

Zokoako dikean paseatzen ari zaren bitartean, itsasbeheran eta itsaso lasaian, teila zuriz estalitako zenbait bloke ikus ditzakezu. Hau ez da estetikarako bakarrik, teilen azpian sentsore eta txip ezkutatuak daudelako, satelite bidez lotuta, urtean bloke horien mugimenduak aztertzeko helburuarekin.