
Urruña : ozeanotik mendira
Urruña
Urruña, 50 km²ko azalerarekin, Lapurdi kostaldeko hedadura handieneko herria da. Kantauri itsasbazterretik hasi eta Larrun mendiraino doa, bertan Nafarroa mugakide izanik. Herriak oso auzo desberdinak ditu.
Eta naturagune ugarirekin (Larrun mendia, Lapurdiko erlaitza, eta beste) natur kirolak praktikatzeko leku zoragarria da.
Urruña eta bere auzoak
Urruñako auzo gehienak ondoko herriekin mugakideak dira eta ondorioz biziki erraz pasa gaitezke herri batetik bestera oharkabean.
Auzo bakoitzak bere berezitasunak ditu.
Herri erdia

Euskal Herriko herri askotan bezala, eliza, pilota plaza eta herriko etxea elkarrekin doaz. Eta irudi jadanik ederra den hori borobiltzeko, XVI eta XVIII. mende arteko etxe biziki ederrak ditugu inguruan. Herriaren xokoak familian ezagutzeko, zoazte herriko turismo bulegora pista-joko baten egiteko. Familian ongi pasatzeko aukera !
Erlaitza : itsas aldean

Zokoa auzoko zati handiena eta Lapurdiko erlaitzaren parterik gehiena Urruñan kokatzen dira. Lapurdiko kostan leku paregabea da. Itsasora erortzen diren flysh labar handiek ikuspegi ezin hobea eskaintzen dute itsaso zabalera.
Pausu : Gipuzkoarako sarbidea
Pausu auzoa hiru herrien artean banatua da: Lapurdiko Urruña eta Hendaia, eta Gipuzkoako Irun. Pasa zaitezte zubitik. Nork izan zuen hemen muga baten ezartzeko burugabekeria?! Hemen giro hiritar eta herrikoia dugu. Joan-jinkariak eta autobusak daude Urruñara edo Hendaiako hondartzetara joateko.
Olheta eta Herburu: mendi magalean
Olheta auzoa Urruña eta Azkaine artean partekatua da. Hemen, mendi zolan gaude, natura bete-betean. Hemendik segidan heltzen gara Ibardingo lepora. Bertan bentak daude eta hortik abiatzen dira ere mendi ibilbide batzuk.
Teilatu baita – Kurleku: laborarien lurretan
Laborari auzoa denez, hemen lasaitasuna da nagusi. Kalbario mendi zolan gaude. Hemendik ere badira Xoldokogainera eta Biriatura joateko ibilbideak.
Mendi xoko: hurbila baina lasaia

Izenak adierazten duenez, hemen mendi betean ez izanik ere, mendiak ez dira urrun.
Herriaren auzo erdikoena da, eta saltoki eta zerbitzuak ere ez ditu urrun.
Herriko edozein lekura joateko abiapunturik onena da.
Urtubia gaztelua
1341ean eraiki zutenetik beti familia beraren esku egon da. XVI eta XVIII. mendeetan handitua izan zen eta gaur egun Monumentu Historiko sailkatua izan da, luxuko altzari eta dekoratuekin.
Urtubiako harriek Euskal Herriaren hamar mendeko historia konta dezakete.
Jende ospetsu anitz egonak dira hemen.
Urruñak mendeetan zehar izan dituen bilakaeren lekuko izan da.
Azken bolada honetan, xarma handiko hotel bilakatu dute. Baina barnea eta lorategi ingelesa bisita daitezke gida batekin.
Berriki, gazteluaren zati bat "escape game" bilakatu dute, eta jokalariei proposatzen diete gazteluaren historiari lotu enigma baten ebaztea.
Erlaitza
Erlaitza, Lapurdi kostaldeko naturagune berezia da. Zokoako gazteluan hasi, Urruñatik pasa eta Hendaiaraino luzatzen da.
Urruñako zatiak 6 km egiten ditu. Flysh ezponda handiek Kantauri itsasorako ikuspegi paregabea eskaintzen dute.
Itsasbazterreko bidexkak erlaitz osoa segitzen du. Naturagune horretan badia txikietatik, arraindegietatik eta Atlantikoko Horma osatzen zuten "blockhaus"-etatik ere pasatzen da.
Ilunsentiak liluragarriak dira. Horretarako lekurik onena Juantxo kanpinaren aitzineko haitzetan da.
Kanpoko kirolentzako leku bikaina
Kanpoko kirolentzako leku bikaina
Hain hedatua izanik, herriak aukera andana eskaintzen du. Eskaintza berezia du naturan egiten diren kirolentzako. Abentura parkea, mendi bizikleta eta trotineta, zaldiz ibiltzea, parapente motorduna, mendiko bizikleta elektrikoa eta abar…
Zailena, hautatzea izanen da !