Urtsua - Ursuia (Mendionde)

Itzulia, Oinezkoa

Lekorneko latsagiako bidexkan eta Etxebarne auzoko patar zailean bere indarrak neurriz erabili dituenak Urtsua inguruko itzuli eder honen segidaz osoki gozatzen ahalko du, goxoan egiten den kontenplaziozko ibilketa. Lekorne, Hazparne eta Makea gaineko bide errazek etengabe berriztatuak diren ikuspegiak proposatzen dizkizu, bai inguruko mendietara bai itsasbazter atlantikora. Bidean, ardiak eta pottokak gurutzatuko ditugu, eta ehunka urteko haritzen eta gaztainondoen itzalean atseden hartzeko aukera ukanen dugu. Ondarearen aldeko interesa ere aseko dugu, mendiko etxalde eta bordak ezagutuko baititugu eta Napoleonen bide zaharraren zati batean ibiliko baikara. Halaber, ibilbidea protohistoria garaiko zelai batetik hurbil iragaten da. Jakin ezazu ez duzula denbora joaten ikusiko Urtsua mendiaren besoetan.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : MENDIONDE
  • Igoerako desnibela : +510m
  • Equipements et services : Elikatze-puntua (epizeria, ostatatzea)
  • Distantzia13.1km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena4h15
  • ZailatasunaErtaina

Nola etorri?

Kanbotik, Donibane Garaziko errepidea segitu (D932 eta gero D918). Luhusoko biribilgunean, ezker hartu herri barne aldera. Luhusoko elizako bidegurutzean, zuzen segitu Makea eta Lekorne aldera. Gero, Makeako Herriko plaza zeharkatu (saltegiak) eta Lekorneko Lekorne auzoraino D252 errepidean segitu 3 km-tan. Aparkalekua eskuinaldean seinalatua da, Postetxeko plazan.


Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Lekorneko gainaldeetara

    Lekorneko pilota plaza zeharkatu (166 m) eta Etchebarne hotela pasatu ondotik, ezkerrera joan; ondotik, zure parean, etxe berrietara daraman bidea segitu. Etxe horietara heldu eta, ezker hartu hesi baten bazterretik doan bidexka gordean. Gero, latsagia gaineko bidexka hezea igo. Gorago, errepidearen bihurgunera darama, eskuin aldera segitzekoa. Bide batek hartzen du segida Etxebarne etxearen ondotik. Gurutze itxurako bidegurutzera heldu eta (291 m), eskuin segitu lurrezko bidean. Gorago, eskuineko bideari kasurik ez egin, eta urrunago ezkerrekoari, eta ur-bilketa batera iritsi: hurrengo Y gunean, eskuinera jaisten den bidea hautatu. Beherean (T itxurako bidegurutzea), errepideraino doan ezkerreko bidea segitu.

  2. Napoleonen bidean

    D152 errepideko bihurgunetik hurbil-hurbil pasatu (274 m) eta ezkerreko lehen bidea hartu, haritz ohargarrien azpian. Oihanetik ateratzerakoan, bihurgunearen ondotik, lehen bidea moztu eta bigarrena segitu eskuinaldera. Errepide baten azken zatiraino heltzen da: ezkerrera segitu bide onean, kanadar pasabidea eta gero (Betirigaztenea etxaldea). Napoleonen bidea deitzen zaion bide zabal honetan segi ibiltzen. Puntu gora batean kokatutako bidegurutzean (305 m), borda batetik hurbil, pareko bide zabalean egon. Zuhaitzen azpitik aitzinera joan, zubi bat zeharkatu, eta bideak bidegurutze bateraino eramaten zaitu.

  3. Urtsubehereko ikuspegi zabaleko bidetik Iramalda lepora

    Kanadar pasabidea zeharkatu gabe (296 m), bidean ezker hartu, eta 100 m urrunago eskuinaldean egon. Pitxar etxalde aitzineko bihurgune zorrotzean, mundruna utzi eta bide harriztatu zabalean zuzen segitu. Itsasbazterrerako ikuspegi panoramikoa eskaintzen duen bidetik zuzen segitu. Bideak ibarxka zabal bat zeharkatzen du (iturria) eta kasko borobildu batera buruz igotzen da. Hemen, Urtsubehereko borda (438 m) Y itxurako bidegurutze baten erdian kokatua da: eskuinerantz segitu, doi-doia jaisten den bidean. Ibarxka baten ziloa eta gero (iturria), hurrengo Y bidegurutzean, ezkerrera igotzen den bidean egon. Gainaldean, hesi baten bazterretik doa. Ondotik, borda eder batera jaisten da, eta azkenean, lepo batetik hurbil den bidegurutze batera.

  4. Iramalda lepotik Mokorretara

    Iramalda lepotik hurbil den lehen bidegurutzean (397 m), bordaren kontra den ezkerreko bidea hartu. Ibarxka bat iragan, mundrunezko patarra igo eta, bi borden ondotik, eskuinera jaitsi, belarrean, eraikinen bazterretik. Bidearen segidan, ibarxka oihantsutik iragan eta iratzediaren ziloan kokatutako bidegurutzera heldu: arrunt ezkerrera igotzen den bidea hartu. Bihurgune zorrotz baten ondotik, bidea Mokorreta lepora heltzen da (borda).

  5. Mokorretatik Makeara (Uharazkia)

    Bide harriztatuaren bihurgune batek zeharkatzen du Mokorreta lepoa (435 m): zabalean eskuinaldera segitu. Hurrengo ibarxka oihantsuan, bide lauan egon, eta urrunago, bidegurutzeraino jaisten den mundrunezko zatian (399 m): errepidea eskuinaldean utzi eta pareko bidean segitu. Mundrunezko bide batek hartzen du segida eta biltegi handi batera eramaten zaitu eta, 100 m beherago, errepideen elkargunera.

  6. Makeatik (Uharazkia) Lekornera

    Errepideen elkargunean (330 m), mundrunezko bidea igotzeko, ezker hartu. Etxaldearen eta laborantza-biltegiaren bazterretik ibili eta, 50 m gorago, eskuinera joan, zabalean beste bi biltegien artetik iragateko. Bigarrenaren ondotik, 20 m ezker igo betoizko patarrean, eta gero, eskuineko bidea hautatu. Laster jaisten da hesien artetik, eta gero, zuhaiztiak eta pentzeak zeharkatzen ditu. Lekorne ikusmenean den gurutze itxurako bidegurutzera itzuli eta (291 m), herrira jaistea baizik ez zaizu gelditzen eskuinaldera, etortzean hartutako bide beretik (Etxebarne auzoa eta latsagiako bidexka).

Helmuga