Urtsua - Ursuia (Macaye)

Itzulia, Oinezkoa

Ibilbidearen hasierak kontrarioa iragartzen badu ere, hastapen batean zorrotza baita Makeako eliza gaineko karriketan, ordulari orratzen kontrako norabidean doan itzuliaren segida kontenplazio-ibilketa goxo bat izaten da Urtsua inguruan. Makea, Lekorne eta Hazparne gaineko bide errazek etengabe berriztatuak diren ikuspegiak proposatzen dizkizu, bai inguruko mendietara bai itsasbazter atlantikora. Bidean, ardiak eta pottokak gurutzatuko ditugu, eta ehunka urteko haritzen eta gaztainondoen itzalean, atseden hartzeko aukera ukanen dugu. Ondarearen aldeko interesa ere aseko dugu, mendiko etxalde eta bordak ezagutuko baititugu eta Napoleonen bide zaharraren zati batean ibiliko baikara. Halaber, ibilbidea protohistoria garaiko zelai batetik hurbil iragaten da. Jakin ezazu ez duzula denbora joaten ikusiko Urtsua mendiaren besoetan.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : MACAYE
  • Igoerako desnibela : +480m
  • Equipements et services : Ur-gunea, Komunak, Piknika lekua
  • Distantzia12.2km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena4h15
  • ZailatasunaErtaina

Nola etorri?

Kanbotik, Donibane Garaziko errepidea segitu (D932 eta gero D918). Luhusoko biribilgunean, ezkerrera hartu herri barne aldera. Luhusoko elizako bidegurutzean, zuzen segitu Makea eta Lekorne aldera. Makeako Herriko Etxeko plaza zeharkatu (saltegiak) eta laster ezker hartu, Makeako elizako auzora igaten den errepidean. Aparkalekua elizaren oinean.

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Makea gaineko auzoetara

    Makeako elizako aparkalekutik (235 m), hilerri gainera igaten den errepidea hartu. Emeki hasi, etxeen artetik igaten den mundrunezko bidea berehala zut-zuta da, eta leku malkartsuenetan betoiz estalitako zati batzuek hartzen dute segida. Lehen bidegurutzean, berriz ezkerrera igo, betoiz estalitako zatian. Bihurgune baten ondotik, Y itxurako bidegurutzeraino iritsi.

  2. Makeatik Lekornerako zeharkatzea

    Bidegurutzean, eskuinera joan (330 m) Uharazkia etxaldearen eta laborantza-biltegiaren bazterretik ibiltzeko. 50 m gorago, eskuinera hartu, zabalean beste bi biltegien artetik iragateko. Bigarrenaren ondotik, 20 m ezker igo betoizko patarrean, eta gero, eskuineko bidea hautatu. Laster jaisten da hesien artetik, eta gero, zuhaiztiak eta pentzeak zeharkatzen ditu. Gurutze itxurako bidegurutzera heldu eta, handik Lekorne ikusmenean delarik (291 m), zuzen segitu lurrezko bidean. Gorago eskuinera doan bideari kasurik ez egin, ez eta urrunago ezkerrera doanari, eta ur-bilketa batera iritsi: hurrengo Y gunean, eskuinera jaisten den bidea hautatu. Beherean (T itxurako bidegurutzea), errepideraino doan ezkerreko bidea segitu.

  3. Napoleonen bidean

    D152 errepideko bihurgunetik hurbil-hurbil pasatu (274 m) eta ezkerreko lehen bidea hartu, haritz ohargarrien azpian. Oihanetik ateratzerakoan, bihurgune baten ondotik, lehen bidea moztu eta bigarrena segitu eskuinerantz. Errepide baten azken zatiraino heltzen da: ezkerrera segitu bide onean, kanadar pasabidea eta gero (Betirigaztenea etxaldea). Napoleonen bidea deitzen zaion bide zabal honetan segi ibiltzen. Puntu gora batean kokatutako bidegurutzean (305 m), borda batetik hurbil, pareko bide zabalean egon. Zuhaitzen azpitik aitzinera joan, zubi bat zeharkatu, eta bideak bidegurutze bateraino eramaten zaitu.

  4. Urtsubehereko ikuspegi zabaleko bidetik Iramalda lepora

    Kanadar pasabidea zeharkatu gabe (296 m), bidean ezker hartu, eta 100 m urrunago eskuinaldean egon. Pitxar etxalde aitzineko bihurgune zorrotzean, mundruna utzi eta bide harriztatu zabalean zuzen segitu. Itsasbazterrerako ikuspegi panoramikoa eskaintzen duen bidetik zuzen segitu. Bideak ibarxka zabal bat zeharkatzen du (iturria) eta kasko borobildu batera buruz igotzen da. Hemen, Urtsubehereko borda (438 m) Y itxurako bidegurutze baten erdian kokatua da: eskuinerantz segitu, doi-doia jaisten den bidean. Ibarxka baten ziloa eta gero (iturria), hurrengo Y bidegurutzean, ezkerrera igotzen den bidean egon. Gainaldean, hesi baten bazterretik doa. Ondotik, borda eder batera jaisten da, eta azkenean, lepo batetik hurbil den bidegurutze batera.

  5. Iramalda lepotik Mokorretara

    Iramalda lepotik hurbil den lehen bidegurutzean (397 m), bordaren kontra den ezkerreko bidea hartu. Ibarxka bat iragan, mundrunezko patarra igo eta, bi borden ondotik, eskuinera jaitsi, belarrean, eraikinen bazterretik. Bidearen segidan, ibarxka oihantsutik iragan eta iratzediaren ziloan kokatutako bidegurutzera iritsi: arrunt ezkerrera igotzen den bidea hartu. Bihurgune zorrotz baten ondotik, bidea Mokorreta lepora heltzen da (borda).

  6. Mokorretatik Makeara

    Bide harriztatu baten bihurguneak Mokorreta lepoa zeharkatzen du (435 m): zabalean eskuinaldera segitu. Hurrengo ibarxka oihantsuan, bide lauan egon, eta urrunago, bidegurutzeraino jaisten den mundrunezko zatian (399 m): errepidea eskuinaldean utzi eta pareko bidean segitu. Mundrunezko bide batek hartzen du segida eta biltegi handi batera eramaten zaitu, eta, 100 m beherago, errepide elkargunera (etortzean topatu duzuna). Makeako elizaraino zuzen jaitsi.

Helmuga