Urgorri

Itzulia, Oinezkoa

Bardozeko herrian bada ibilbide bat kaskoen eta Urgorri ibarreko oihanen artean, ikuspegi zabalez eta erreka ttipi intimoez gozatzeko. Ibilaldi laburra, tarteka moto-trial gidarien akrobaziak ikus daitezke; Miremont pentokaren ikuspegi zoragarria da bereziki interesgarria. Ur-dorre kaskotik (denak igan daitezke bertara) Pirinioak ikus daitezke; orientazio mahai batzuek paisaia zehazten dute. Aroa garbi delarik (ahalaz egunaren lehen orenetan), mendi kaskoak ikusten ahalko dituzu 150 km-tan. Ikusiko duzu ere Bardoze Ipar Euskal Herriko eta Gaskoiniako paisaien bidegurutzean dela, alde batetik mendixka berdeak ageri dira manex ardiekin eta Larrun mendia gibelean, eta beste aldetik, Aturriko ordokia, Chalosseko goxotasuna eta Landesetako oihan zabala.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : BARDOS
  • Igoerako desnibela : +150m
  • Equipements et services : Orientazio-mahaia, Piknika lekua, Komunak, Ur-gunea
  • Distantzia3.5km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena1h30
  • ZailatasunaOso erraza

Nola etorri?

A64 autobideko 4. irteeratik (Ahurti-Beskoitzeko irteera), segi Bardozera eta Bidaxunera buruz (D936). Bardozera heltzean (biribilgunea), utzi herri zentroa eskuinean (Herriko Etxeko plaza) eta segi zuzen Bidaxunera buruz 200 m-tan, eta gero segi ezker Samatzeko eta Gixuneko bidean. Igan patarra; Bardozeko irteera-seinalea baino 100 m urrunago itzul ezker Miremont muinoko aparkalekura heltzeko (ur-dorrea).

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Miremont pentokatik ibarxka zolaraino

    Eman bizkarra ur-dorreari eta jauts ezker karrika nagusitik. 200 m-ra Peruko bidexkaren bidegurutzean, utzi mundruna eta jauts eskuin xendra harriztatuan. Ibarxka batera jausten da. Zuzen, lehen pentzearen puntan (aska), egizu itzulingurua eskuin eta segidan ezker eta segi xendra belartsuan pentze bazterretik (seinale horiak). Bidexka moto-trial zelai baten bazterretik iragaten da eta ibarxkaren zolaraino joaten (malda zuta).

  2. Urgorri ibarxkan

    Malda zutaren beherean, zoaz segidan eskuin erreka baten gainetik iragaten den zurezko zubixkatik. Joan zaitez uraren ezkerreko aldetik arbola hostotsuen oihanean barna, eta eskuinera pasa zaitez 100 m gorago. Bat-batean bidexka eskuin igaten da eta bigarren trial gune batera heltzen. Hor, itzul zaitez ezker (blokeen artetik pasa), eta jauts 30 m hesiaren bazterretik, eta hartu eskuin argi-guneko behereko parteko bidexkatik. Hirugarren trial guneko arrokak aitzin, itzul zaitez ezker haritzondoen azpitik iragaten den bidexka atseginetik. Berriz errekara helduko zara, eskuin, behereko aldean.

  3. Errekatik ball-trap gunera

    Zeharka ezazu erreka metalezko zubixkatik eta igan errekaren beste bazterreko xendra. Malda erditsutan, itzul eskuin xendra horizontalean (ufa!), bide batek luzatzen du xendra. Ondoko bidegurutzean, itzul arrunt ezker igoera luzatzeko oihanean barna. Iragan xeila iraganbidetik, eta bide harriztatu zabalera helduko zara (laborantza-aterpea). Eskuineko bidetik joan zaitez, tentsio handiko linearen azpitik iraganez.

  4. Ball-trap gunetik Miremont mendixkara

    Ball-trap klubeko eraikinean segi zuzen igaten den bide zabaletik. Gainean, D253 errepidearen bazterretik ibil zaitez eskuinera buruz (kasu eginez), ahalaz eskuineko bazterreko belarretik. Bidegurutzean zoaz eskuin Miremonteko bidera, eta ur-dorreko aparkalekura itzuliko zara.

Helmuga