La descente des fous

Ibilbide lineala, Mendiko bizikleta

Joan-etorri bat antolatuz, ibilbide honek mendi eta ozeano arteko zeharkaldi eder bat aurreikusteko bidea ematen dizu. Abiapuntua Ibardin lepoko harkaitzetan eta helmuga Hendaiako hondartzan, kranpoiak harean. Paregabeko esperientzia, ondoko leloa egiaztatzeko aukera: “Hemen Pirinioak Atlantikoak dira”. Zati menditsuan, haatik, ibilbidea aski zorrotza da, Manddalerako eta Xoldokogainarako bi segidako igoeretan (bizikletaren gainean egoteko erronka), baita Xoldoko harri iheskorreko jaitsiera teknikoan ere. Zeharkaldi eder honek, beraz, kirolari trebatuak eta mendi bidexketako gidari finak loriatuko ditu. Bigarren zatian, oraino beste mundrunezko “paretak” izanen dira igotzeko, Hendaiarako jaitsiera panoramikoa hasi baino lehen. Karrikarte eta pasabide hertsi batzuek Txingudiko badia bazterrera eramanen zaituzte, Hendaiako hondartzara ederki iristeko, ibilaldi ahaztezin honen bukaeran.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : URRUGNE
  • Igoerako desnibela : +550m Jaitsierako desnibela : -880m
  • Equipements et services : Elikatze-puntua (epizeria, ostatatzea)
  • Distantzia15.1km
  • MugikortasunaBizikletaz
  • Iraupena4h
  • ZailatasunaZaila

Nola etorri?

Urruñatik (A63 autobideko 2. jalgibidea), hiri inguruko biribilgunean, Ibardin lepora eta Azkainerako norabidean segitu (D4). 3,5 km urrunago, D4 eta D404 errepideen arteko elkargunean, eskuinera joan Ibardin lepoko errepide hertsia igotzeko. Lepoan, saltegien aldera eskuinera joan eta lehen aparkaleku handian ibilgailua utzi (eskuin).

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Ibardin lepotik Xoldokogainako aintzirara

    Ibardin lepoko aparkalekuaren hondoan, ezkerrean den bide zatia hartu, eta gero, eskuineko errepidea, jatetxe eta saltegien artetik, saltegi goreneraino. Elizalde bentan, bide laua segitu eskuin (antena); xeila pasatu eta, parean segitu 50 m-tan, eta Y itxurako bidegurutzean, ezkerreko bidea hautatu. Zut-zut igotzen da bi bihurgune marraztuz. Gorago, oihanbide bati kasurik ez egin, ezkerreko bide nagusian egoteko. Zuhaitz arraxindun landaren gorako bazterraren puntan, bidegurutze batera iritsi (1,55 km), harpe baten sarreratik hurbil (zure ezkerrean kokatua): eskuinera joan, belarrean, lehen jaitsiera laster eta zuzen batean, oihanaren bazterrean (patar zuta). Behereko aldean, konkor bat eskuinetik saihestu eta jaitsiera harritsua luzatu aintziraren gainetik.

  2. Aintzira hegitik Xoldokogaina gailurrera

    T itxurako bidegurutzean, haritz lodi baten azpian (2,8 km), ezker hartu eta lurrezko bidea segitu. Aintzira bazterretik ibili bi bihurguneren denboran eta, Y gunean, ezkerreko patarra zorrotza igo. Ondotik, zeharkatze eztiago batek Pitare lepora eramaten zaitu (3,85 km): eskuineko bidetik igotzen segitu, eta Osingo lepo belartsura heldu bi desnibeletan (4,4 km). Y gunean, eskuin hartu Xoldokogainara hurbiltzen den bidean, azken igoerarako. Hurrengo Y gunean, seinaleek eskuineko bide harritsua segitzea adierazten dute (bizikleta eskuz eraman behar); ezkerreko bidexkak aldiz denbora gehiago bizikletan egoteko bidea ematen dizu. Indar polita gailurreraino.

  3. Xoldokogainako jaitsiera teknikoa

    Xoldoko gailurrean (5,05 km), itsasbazterrerako ikuspegia zoragarria da. Zure babeskiak tinkatu eta bestaldeko isurkira joan, hastapen batean erraza den bidexkan, ozeanoaren parean. Laugune arin baten heinean, bidexka bi adarretan bereizten da (5,5 km): GTPB mendiko bizikleta-bidea ezkerrean utzi, eskuineko bidexka hartzeko. Teknikoagoa bilakatzen da, lauza arrokatsuak eta harri iheskorrak tartekatuz. Beti erne egon eskuinera doan zeharkatze zuzen osoan, non bidexka Kalbario mendiaren oineko lepo belartsura iristen den (6,5 km). Lerro zuzenean, parean segitu, bide eztiago batean. Beherago, aparkaleku bat zeharkatu eta pareko errepidea segitu.

  4. Larretxe auzotik D810 errepidera

    Larretxe auzoko T itxurako bidegurutzean (7,4 km), eskuinera jaisten den bidea segitu. Eskuinaldeko bihurgune zorrotzaren ondotik, ezkerrera joan Kurleku zubia zeharkatzeko, A63 gainean. Beste aldean, zuzen segitu errepidean. Beherean, lehenik zubi bat utzi ezker, eta zorrozki eskuinera igo Garlatz bidean (8,95 km). Izterrak sutan, etxeekiko auzo bat zeharkatu edukiontzietaraino, non ezker hartzen duzun, laburki jaisteko. Bidea 439 zk. etxera igotzen da (T itxurako bidegurutzea): Egur Ttiki bidea igo eskuinera, bide harriztatu batek segida hartzen du. 150 m urrunago, bidea utzi, TG linearen azpian, zuhaitz azpiko bidexka hartzeko, ezker.

  5. D810 errepidetik Hendaiako sarbidera

    Bidexka D810 errepidera iristen da (10,4 km). Zuhurki zeharkatu (zirkulazio handia) eta ezkerretik ibili 100 m-tan, eskuinaldean doi bat igotzen den bide harriztatua aurkitu arte. Etxea iragan eta, konkorraren tontorrean (11 km), eskuineko bidea segitu, eta segidan ezker, iratze artean. Bide batek hartzen du jaitsiera panoramikoaren segida. Elektrika lineen azpiko bidegurutzean (11,9 km), eskuin aldera joan errepide ttipian. Ondotik, ezkerreko lehen karrika hartu, eraikinen artetik.

  6. Txingudiko badia eta Hendaiako hondartza

    Hiru olibondoen biribilgunean (12,5 km), ezkerreko karrika hartu 100 m-tan, eta, laster, eskuineko karrika itsua (Biantenia bidea). Biribilgune ttipian, pareko oinezko-bizikleta pasabidea hartu. Tunelaren ondotik, 100 m egin zure parean, eta gero, eskuinera joan Parchategia karrikan; eraikin baten azpitik iragan, eta, biribilgunean, kiroldegirako norabidean zuzen segitu. Arkuen azpitik iragan eta zuzen segitu bizikleta bidean, Txingudiko badiaren hegian. Itsasketa zentroko hondartza baino lehen (14,65 km), bide berdea utzi eskuin hartzeko Tulipiers karrikan (Turismo Bulegorako norabidean). Ezkerrera joan biribilgune ttipian, eta hirugarren aterabidea hartu biribilgune handian (Irungo karrikan) Hendaiako hondartzara heltzeko.

Helmuga