Intzola

Itzulia, Oinezkoa

Intzola ibarxkako ibilketa familia-ibilaldi bikaina da, udako arratsaldeetan ere egin daitekeena, bidea maiz itzalean delako eta errekaren freskotasunaz goza daitekeelako. Galtzada zaharra, kontrabandisten bide gordea, baita Espainiako gerla zibilaren denboran iheslarien pasabidea ere, edota bigarren mundu gerlan, alemanen zapalkuntza ihes egiten zuten gizon eta emazteen salbamen-bidea, Intzola bide hori, Historia sakonekoa, ibilaldi jostagarria izaten da gaur egun, non itzalguneak, ur-jauziak eta mariorratzak preziatzen ditugun. Aireleku goi-zelaitik eginen dugun itzultzeak baizik ez dizkigu igotzeko indarrak eskatuko, eguzkia aurkituz toki argietan. Baina, egunaren hondarrean hasirik, argitasun ederrak eskaintzen ditu Larrunera eta itsasbazter atlantikora, Hendaiatik Biarritzera.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : URRUGNE
  • Igoerako desnibela : +280m
  • Distantzia6.7km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena2h15
  • ZailatasunaErraza

Nola etorri?

Urruñatik (A63 autobideko 2. jalgibidea), hiri inguruko biribilgunean, Ibardin lepora eta Azkainerako norabidean segitu (D4). 3,5 km urrunago, Ibardin leporako bidea eskuin utzi eta Azkaine aldera segitu. Olheta auzoaren sarreran, eskuin hartu kapera baten aitzinean, handik 100 m-tara aparkaleku bat aurkitzeko, karrika bazterrean (Intzola bidea).

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Olhetatik Intzola ibarxkaren bihotzera

    Olhetako kapera baino urrunago doan errepide ttipia segitu (50 m); azken etxearen heinean, bide zabal batek hartzen du segida. Kanadar pasabide baten ondotik, zuzen segitu bide zabal eta lauzatuan (eskuinean, bide bat utzi). Hesi baten heinean, bideak bide harritsu bati uzten dio lekua, igotzen hasten dena. Intzola errekaren bazterretik ibili. T itxurako bidegurutzearen heinean, eskuineko bidexka hautatu, ibarxka erdiko bidegurutzera iristeko.

  2. Goi-ibarra eta Intzola benta

    Bi haritz lodien azpian, bidegurutzean (120 m), ezkerrean erreka bat ibitik iragan eta bidexka segitu, handik goiti GR10 seinalatua dena, beti erreka zure ezkerrean duzula. Mugarriak iraganez, bide seinalatua eskuinaldean utzi Espainian sartzeko (harkaitz hezeak). Lehen benta oso hurbil da, eta bigarrena 200 m gorago.

  3. Intzola bentatik Erleen lepora

    Intzola bentatik (150 m), gibelera itzuli bi haritz lodien bidegurutzeraino (1. urratsa). Ibia eta gero, aldi honetan, ezkerrera joan, ondoko ibarxkaren eskuineko mazelan igotzen den bidexka segitzeko (gorriz eta zuriz seinalatua). Estai zenbaitetan igotzen da oihanaren goi-aldera, bukaeran, ibarxkaren ezkerraldetik iraganez. Gailurrean, T itxurako bidegurutzeraino iritsi bide batetik: bertan GR10 utzi, 60 m urrunago, Erleen lepora iristeko, eskuinerantz.

  4. Aireleku goi-zelaiko zeharkatzea

    Erleen lepoan (244 m), Ibardin lepoko errepideari kasurik ez egin eta eskuineko bidea hartu, xeila batez zirkulazioari hetsia. Oihanetik ateratzen da, Larrun gailurra aurkitzen du, eta goratasun argi batera iristen da. 30 m jaitsi lepo belartsurantz (266 m), eta iratze artetik, eskuin igotzen den bide zabala segitu. Gailurrean, Aireleku goi-zelaia zeharkatu, aurri baten ondotik iragan, eta ezkerrera doan tontor-lerroan jaitsi, zure parean.

  5. Olhetara itzultzea jaitsiz

    Y itxurako bidegurutzean (252 m), eskuinekoa hautatu, beti mendi gainetik hurbilena. Jaitsiera zorrotzagoa da, ozeanoaren parean, landaretza oparoan. Ezker, bizikletei zuzendutako bide bati kasurik ez egin, eta zuzen segitu. Behereko aldean, borda baten teilatura hurbildu, ezker. Bordatik hurbil, bide on batera heldu, eskuinaldera segitzekoa. Horrela, kanadar pasabidea berriz topatu, eta, zure parean, joatean hartutako bidea, aparkalekura itzultzen dena.

Helmuga