Hegantza

Itzulia, Oinezkoa

Arnegiko herritik abiatzen den ibilbide hau artaldeen transhumantziaren isla da, ibarretako etxaldeetatik bortura igotzen baita. Ibarraren barneko oihan mistoei esker, ibilbide zati itzaltsu asko dago. Lehen zatiak baserriak zeharkatzen ditu, eta pixkanaka igotzen hasten da. Lehen pagoen heinean, Ibarrolako borda ederrek ibilaldiaren erdiko eremua irudikatzen dute, hau da, artaldeak udaberriaren hasieran eta udazkenaren bukaeran hor bizi zireneko garaia. Beillurtiko etxolak baino lehentxeago, zohikaztegien eremuak eta kabalendako lehen bazkalekuak daude. Hegantzako lepotik hurbilago, mendiko alhapide horiek beste izari batekoak dira. Handik, Arnegiko Errobiko ibarrera pasatzen gara, eta ikuspegi zoragarria dago Nafarroako Luzaideko herrira.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : ARNEGUY
  • Igoerako desnibela : +910m
  • Equipements et services : Ur-gunea, Elikatze-puntua (epizeria, ostatatzea), Komunak
  • Distantzia17.4km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena7h
  • ZailatasunaZaila

Nola etorri?

Ibilaldia Arnegiko pilota plaza eta elizako aparkalekutik abiatzen da.

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Ibarreko oihan mistoa

    Pilota plazari bizkarra emanez, joan eskuinera, herriaren sartzera buruz. Biribilgunean, joan zuzen D933 errepidearen bazterretik, Donibane Garazirantz. Clementenia hotelaren heinean, eskuinera doan errepide ttipia hartu. Oihan misto batean 900 m ibili ondoan, lehen bihurgunean errepidea utzi, eta ezkerreko bidea hartu etxe baten bazterretik. Xeila ireki eta hetsi ondoan, bidea pentzeen erditik iragaten da, eta borda eta beste xeila baten ondotik, oihanera heltzen da. Borda hondatu baten heinean, joan ezkerrera. Telekomunikazio zutabe baten ondotik, baserri batera iritsi.

  2. Pagolako errekaren gainean

    Errepidean, joan eskuinera. Errepidea berehala utzi, laborantzako eraikin baten heinean ezkerreko bidea hartzeko. Eraikina pasatu eta 40 m ibili ondoan, bide hau utzi eta hartu ezkerreko bidexka. Landaredi joriagatik bidexka gaizki ikusten da; hesi baten bazterretik doa eta Pagolako errekaren ibarra ikusmenean du. Bidexka hori bide zabalago batera iristen delarik, joan ezkerrera, eta gero, metro batzuk urrunago, bidebanatzean, joan eskuinera. 20 m geroago, egon ezkerrean, iratzeen arteko bidexkan. Eskuinean hormatxo batek bazterkatzen duen bidexkak errepide batekin bat egiten du pixka bat gorago.

  3. Erdiko eremua

    Errepidean, joan ezkerrera. Gero, 200 m urrunago, joan eskuinera. Errepidea baserri baten heinean bukatzen da, eta orduan bide bilakatzen da. Bide horretan 2,8 km ibili. Ibarrolako borden heinean, xeila bat pasatu eta hetsi, eta eskuinetik segitu. Beste borda baten ondotik, bidebanatze batean, pago eder bat dagoen lekuan, zuzen jarraitu. Uraska bat eta eskuinaldean iturri bat pasatu eta 80 m geroago, bidea utzi eta eskuineko bidexka hartu.

  4. Bazkalekuak

    Bidexka Beillurtiko errekaren gainetik pasatzen da, mendi mazelan. Xaltroko etxolaren heinean, pixkanaka, pasabide arrokatsu hertsi batera iristen da. Leku arrokatsu horren ondotik, lehen etxola batera iristen da. Hortik bide bat hasten da. Bide hori hartu, Hegantzako lepora iristeko. Lepoan, joan ezkerrera, eta gero eskuinera, Arnegirantz jaisten den errepidean. Luzaideko herrira eta gibelean Mendimotxa eta Adartzako gailurretara dagoen ikuspegi ederraz gozatu. 1,2 km ibili ondoan, errepidetik atera, eta joan eskuinera, zuzenean gailur borobildu baterantz jaisten den bidexka batetik.

  5. Ikuspegia Luzaidera

    Jaitsi gailur borobildu horretatik, bide batera iritsi arte. Bidetik joan, ezkerretik, eta 300 m ibili. Bidebanatzean, hartu eskuinera, eta jaitsi zuzen beste gailur borobildu batean dagoen bide belartsu batetik. Pentze baten parean, bidea eskuinera itzuli eta oihanean sartzen da. Pixka bat beherago, gaztainondoen azpian, joan eskuinera, hesi baten parean. 200 m urrunago, zuzen jarraitu, hesi baten bazterretik. Pentze bat zeharkatu, xeilak ireki eta hetsiz. Bigarren xeilaren ondotik, jaisten den eskuineko bidea hartu. Lehenik erreka batera iristen da, eta gero errepide batera.

  6. Arnegiko herrira itzultzea

    Errepide horretan, joan eskuinera. 400 m ibili ondoan, joan eskuinera, beste errepide batetik. 1,1 km ibili ondoan, ezkerreko bidea hartu. Uraska zahar baten heinean, jaisten segitu. 500 m urrunago, errepide batera iritsi. Errepidean, joan ezkerrera, Arnegiko herrira itzultzeko.

Helmuga