Bidegaraia

Itzulia, Oinezkoa

Hazparneko Urtsura iganen zara, Zelaitik, itzuli atseginaren egiteko. Laster goratasuna hartzen da bidexka errazetan gaindi, eta euskal arkitekturako etxe andana ikusten ahalko duzu muino berdeetan gaindi, gaueko lainoaren ondotik. Eguzkia berotzen hasten da mendian gaindi dabiltzan pottokak, eta ibiltariek gozatzen ahalko dute kaskoan ukanen duten ikuspegi ederra. Alabaina, Urtsuko tontorretik ikuspegia izigarri ederra da, Pirinio Garaietako mendi elurtuetatik Landesetako oihaneraino, eta Euskal Herriko mendi ospetsuak ere ikus daitezke. Makeako eta Lekorneko gainetatik itzuliko zara, eta Napoleonen hatzen gibeletik; ibilaldi ahaztezina!

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : HASPARREN
  • Igoerako desnibela : +550m
  • Equipements et services : Ur-gunea, Piknika lekua, Elikatze-puntua (epizeria, ostatatzea)
  • Distantzia10.8km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena3h30
  • ZailatasunaErtaina

Nola etorri?

Hazparne zentroko gainaldean (D10 errepidea Kanbotik edo A64 autobideko 3. irteera eta D21 errepidea), Sana Terexa eskolaren izkinan, segi eskuin Zelaiko bidea; 3 km-tan igaten da (Zalduko bizkondeen karrika). Zelai auzoko bigarren pilota plazan, itzul eskuin “Iheslarien oroitarria” seinaleari jarraikiz. Aparkalekua 800 m urrunago, oroitarriaren heineko Y formako bidegurutzean (utzi autoa bide bazterrean, zirkulazioa trabatu gabe).

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Oroitarritik Urtsubehereko irtengunera

    Iheslarien oroitarrian (288 m), hartu ezkerreko bidea, laster xendra belartsu bilakatuko dena. Lehen bidegurutzean hartu ezker bide on batera, goratasunean iragaten da gero, eta berriz jausten errepide batera, eskuinetik hartu beharko dena. Kanadar pasabidearen ondotik, hartu bi aldiz eskuineko errepidea. Pitxar etxaldeko bihurgune zerratuan, utzi mundruna eta segi zuzen bide harriztatutik. Egon beti bide zabal horretan, ikuspegi ederra ukanen duzu euskal itsasbazterraren gainean. Ibarxka bat zeharkatzen du (iturria) eta kasko borobildu batera heltzen. Ez joan eskuin doan xendratik eta hel zaitez bordara.

  2. Urtsuko azken igoera

    Urtsubehere borda (438 m) Y formako bidegurutzean kokatua da: igan ezker Urtsura buruz. Bi bihurgune zerratu laburren ondotik, bidea ibarxka batean gora doa, borda baten gainaldetik, eta laugune belartsu batera heltzen ezkerrean (ikuspegia jadanik biziki zabala da). Zeharka ezazu laugunea eskuin antenara buruz. Antenaren ondotik igan segidan eskuin, patar zut eta zuzenetik. Arroka zenbait iragan ondoan, patarra eztitzen da, eta belarrean zuzen segituz, Urtsu kaskora helduko zara.

  3. Makeara jaustea

    Urtsu kaskoko ikuspegiaz gozatu ondoan (681 m), Baiguraren parean, jautsi 100 m ezker (belarrean) eta eskuinean bide baten hastapena atzemanen duzu. Kaskoaren hego isurkiko bihurgunearen ondotik, bidea lepo belartsura heltzen da ekialdean, eta urruntzen kaskoaren eskuin isurkian gaindi jausteko, Makeako gainaldean. Oteen artean xendra batek hartzen du segida. Ondotik itzul eskuin bide zabalagoan, haritzondo oihanari buruz, eta jauts ezker arbolen bazterretik.
    Bi belartegiren bidegurutzean, zoaz ezker (hets ezazu xeila pasatu ondoan).

  4. Makearen eta Lekorneren zeharkatzea

    Atera betoiz estali bidera (365 m) Makeako gainetan (Uharazkia): igan 30 m-tan ezker eta itzul segidan eskuin bi belartegiren arteko laugunetik pasatzeko. Bigarren belartegiaren ondotik igan 20 m-tan ezker betoiz estali patarrean, eta hauta eskuineko bidexka. Laster jausten da hesien artetik, eta oihanttoak eta pentzeak zeharkatzen. Gurutze formako bidegurutzera helduko zara Lekorneko gainetan (291 m), segi zuzen lurbidean. Ez kasu egin eskuineko bidexkari, ez eta ezkerrekoari gero, eta ur-bilketara helduko zara: Y formako ondoko bidegurutzean, hauta eskuinean jausten den bidea. Beherean (T formako bidegurutzea), segi ezkerreko bidexkatik errepideraino.

  5. Zelaira itzultzea Napoleon bidetik

    D152 errepideko bihurgunetik hurbil iragan zaitez eta hartu lehen bidea ezker, haritzondo ederren azpian. Oihanetik ateratzean, bihurgune baten ondotik, lehen bide bat zeharka ezazu eta segi bigarrena eskuin. Errepide baten puntaraino heltzen da: segi ezker bide onetik, kanadar pasabideaz haratago (Betirigaztenea etxaldea). Segi ibiltzen bide zabal horretan, Napoleon deitua. Goratasunean den bidegurutzean (305 m), borda bati hurbil, egon pareko bide zabalean. Iragan zinen lehenbiziko kanadar pasabidera eramanen zaitu. Pareko errepidetik, eta gero ezkerreko lehen xendratik, iheslarien oroitarriko aparkalekura helduko zara.

Helmuga