Atxulegi

Itzulia, Mendiko bizikleta

Ainhoatik abiatzen den mendiko bizikletendako ibilbide honek all-mountain motako mendiko bizikletendako ibilbide modernoaren osagai guziak dauzka: bide ibilgarriak igotzeko, bidexka jostagarriak, bizikleta gutitan eskuz eraman behar, bizikleta bakarreko bidean jaitsiera panoramikoa. Egia da zati batzuek indarra eskatzen dizutela, Ainhoaren gainean goratasuna hartzeko edo Zuharreta lepora heltzeko (salbu pedalei eragiteko laguntza baldin baduzu), baina ardiak joaten diren pentze berdeetan, Bizkailuze mendiaren gainean ibiltzeko plazerak, bota dituzun indarrak laster ahaztaraziko dizkizu. Ikuspegia miresgarria da, argazkiak ateratzeko atsedenaldi saihestezina. Hor duzu, zure zain, antologiazko jaitsiera bat Haizagerri tontor-lerrotik, 2 km-ko bidexka zuzen bat mendiaren muinean, Larrunen parean, gidaritza eta ikuspegia batuz. Mendiko bizikletari trebeak loriatuko dituen kirol-itzuli bat.

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : AINHOA
  • Igoerako desnibela : +850m
  • Equipements et services : Komunak, Ur-gunea, Piknika lekua
  • Distantzia19km
  • MugikortasunaBizikletaz
  • Iraupena3h
  • ZailatasunaZaila

Nola etorri?

A63 autobidean, 5. jalgibidea hartu (hego Baiona) eta D932 segitu Uztaritze eta Kanbora buruz. 15 km urrunago, Kanboko sarbidea segitu, eta eskuinera joan Ezpeletara buruz (D918). Ezpeletako jalgibidea eta 800 m urrunago, D20 bidearekiko bidegurutzean, ezker hartu Ainhoa aldera segitzeko. Pinodieta lepoa iragan eta Ainhoan sartu (aparkalekua pilota plazatik hurbil).

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Ainhoako pilota plazatik Arantzetako kaperara

    Ainhoako pilota plazatik, karrika nagusi osoa igo, Herriko Etxearen aitzinetik pasatuz. Puntan, bihurgunetik ateratzean, ezkerrera joan norabide debekatutako karrikan (Garziako Inta). Kapera ttipiaren ondotik, eskuinera joan “kapera” geziz seinalatutako karrika igotzeko (Kaperako Bidea). Lehen “pareta” honen tontorrean, T itxurako bidegurutzean, eskuineko bidea segitu 100 m-tan, eta gero, ezkerraldean kaperara igotzen den bide harriztatua. Igoaldi bihurgunetsua zaila da. Gurutze zuri baten oinean (2,05 km), mendiko bizikletentzat seinalatutako bidexka eskuin utzi (GTPB) eta zuzen segitu iturri batetik (Ama Birjina) hurbil iragaten den bidean.

  2. Arantzetako kaperatik Gainekoborda lepora

    Arantzetako kaperaren ondoan (2,45 km), merezi duzun atseden itzaltsua hartu eta gero, hilarri eta gurutzeen gainetik ibili, eta eskuin aldean bi bidexka utzi, zuzen segitzeko bidexka belartsuan. Ainhoa ikusmenean duen bide lau batek du segida hartzen. Y gunean (3,25 km), eskuineko adarra hautatu eta 100 m urrunago, bidexka utzi, eskuinean den belarrean zut-zut igotzeko (bultzaldi). Harri mokorrean, bidexka ederra iratzeen artetik doa eta arditegi batetik hurbil-hurbil pasatzen da: eskuineko bidean igotzen segitu. Pasarte zut-zut baten ondotik (Larrarte iturria), eskuineko bide harriztatua segitu. Bihurgune bat marrazten du eta Hirukurutzeta leporantz luzaz zeharkatzen du (5km). Bide nagusia Atxulegiko hego-isurialdetik iragaten da (igoaldi eztia), eta luzaz jaisten da hurrengo leporantz.

  3. Gainekoborda lepotik Gorospil lepora

    Gainekoborda lepoko bost bideetatik (6,7 km), parean den erdiko bidea hautatu (lurrezkoa eta laua). Aterpe irekia oihanean, ezker. Bidea beste lepo batera heltzen da (7,1 km), eta igoaldi garbi eta zorrotza hasten du. Zuharreta lepoan (8,2 km), bideak utzi eskuin igotzeko, hilarri baten gainean, iratze arteko bide batetik (bizikleta eskuz eraman behar). Bidexka, urratsez urrats, tontor-lerro batera hurbiltzen da. Lehen konkorraren ondotik, Bizkailuzeko gain belartsuan ibil daiteke, arrunt hegoalderantz, Larrun eta Artzamendi ditugularik talaia gisa. Hiru gainaldeetatik iragan eta lepo baterantz jaitsi, 76. mugarria gurutzatuz.

  4. Gorospil lepotik Arotzen auzora

    Gorospil lepoan (10,65 km), beribilez ibiltzeko moduko bidea zeharkatu, arrunt eskuinera hartu iparralderantz itzultzen den bidexka lau batean. Lepo belartsu batera hurbiltzerakoan (pago bakartia), ezker segitu konkor baten bazterretik doan beste bidexka batean, Haizagerriko gaina aurkitu arte. Handik, jaitsiera zuzen gogoangarri bat hasten da. Arreta eskatzen duten zati arrokatsuen ondotik, bidexka maldatsua eta belartsua bilakatzen da, eta berriro harritsua, igo behar diren konkor batzuekin (bizikleta bakarreko bidexka iratzeetan). Beherean (13,7 km), borda baten azpian den pentzearen parean, bidea zeharkatu eta eskuinera jaisten den bidexka hartu; lur gorriko bide batera heltzen da, ezker segitu behar dena.

  5. Arotzen auzotik D20 errepidera

    Arotzen auzoko bidean (14,2 km), 80 m jaitsi eskuinaldera eta ezkerrera joan lehen bidean (biltegia). Laster bidexka tekniko batek hartzen du segida (sustrai lerrakorrak eguraldi hezea delarik), oihanean murgiltzen dena. Beherean, zubixka eta gero, errepidea ezkerraldera hartu 1,4 km-tan, Lapitxuri muga-errekaren bazterretik. Kanadar pasabidearen ondotik (16,1 km), ezkerreko bideari kasurik ez egin eta zuzen segitu hein batean mundrunatua den bidean. Harrobien aldaparen tontorrean, zuzen jaitsi errepidean.

  6. D20 errepidetik Ainhoara

    Dantxaria eta Ainhoa lotzen dituen D20 errepide bazterrera iritsi eta (17,35 km), errepidearen bazterretik zuhurki ibili eskuinaldetik Ainhoaraino. Arbonako patarratik iragaten da eta Ainhoako sarrerara laster heltzen. Karrika nagusiak pilota plazara eramaten zaitu.

Helmuga