Ibanteli

Itzulia, Oinezkoa

Erreka freskagarrien ondoan abiatuz, gaztainadi eta harizti arteko hasierako bideak Larrungo beste aldea salatuko dizu urratsez urrats, lehen eguzki izpiek irisatutako laino estalien gainetik. Ubide ttipi baten bazterretik ibili ondoren, ibilbidea agerian igotzen da, muinoetarako ikuspegia zabalduz. Hegiaren eta mugaren bazterretik, patarra gero eta zorrotzagoa izaten da, soropil zabal eta eder batean lautu aitzin. Orduan, Ibanteli gailurrera eramanen zaituzten azken aldapak igotzeko tenorea da. Gailur honek 360°-ko panorama harrigarria eskaintzen du euskal baserrialdera, ozeanora, Larrunera, Ibardin lepora, Aiako Harrira, eta ekialdean, Pirinioetara eta Atxuriara. Norabide honetan ere ikus daiteke Lizarieta mugako lepoa, atsedenaldi fresko bat edo bazkari tipikoa eta nasaia har dezazun zure zain dagoena...

Argibideak
Baliagarriak

Argibide baliagarria

  • Abiatzea : SARE
  • Igoerako desnibela : +600m
  • Equipements et services : Elikatze-puntua (epizeria, ostatatzea)
  • Distantzia9.8km
  • MugikortasunaOinez
  • Iraupena3h30
  • ZailatasunaErtaina

Ibilbideari buruzko xehetasunak

Ibilbideari buruzko xehetasunak

  1. Aparkalekutik ubide ttipira

    Errepidea bizkarrean duzula (110 m) eta kanpoan bazkaltzeko mahaiak eskuin, erreka ibitik zeharkatu eta eskuineko bidexka zutean igo. Laugune batera heldu eta (166 m), oihana argitzen den lekuan, ezkerrera igo eta hegi eta hesi baten artetik segitu. Bide harriztatura iritsi eta, ezker segitu bihurgune zorrotz bateraino, ubide ttipia hodi batean sartzen den tokian.

  2. Ubide ttipitik mugako lepo zabal eta belartsura

    Hodietan pasatzen den lekuan, ubide ttipia iragan (221 m) eta bidea utzi zuzen segituz, eta ondotik, segidan ezker. Handik 100 m-tara, eskuinean den bidea utzi, bide nagusian segi igotzen, laster pudinga harkaitz handi baten aitzinean pasatzen dena; bihurguneak marrazten ditu, eta lur-jausi baten ondoan lautzen da. Laster, zuzen doan igoera hasi oihan bazterretik, lepo zabal eta belartsu bateraino.

  3. Lepo zabal eta belartsutik Lizarrieta lepora

    Lepo zabaletik (600 m), Ibanteli lepora joateko, mugarri baten norabidean ezker hartu, gailurraren ardatzean. Gailurrera iritsi zailtasunik gabe (698 m) eta lepo zabalera itzuli. Orduan, ezkerrera jaitsi haritz bakarti baten norabidean; eskuinetik iragan. Urrunago, harri altxatu bat ezkerrean utzi (omenaldia). Handik 250 m-tara, ezkerretik datorren bidearen ondotik (abereendako hespila), haritz bakarti baten ezkerretik segitu eta Lizarieta lepora iritsi (ostatuak, jatetxeak).

  4. Lizarrieta lepotik harrizko arditegira

    Lizarrieta lepoan (441 m), errepidea ezkerraldera segitu 350 m-tan, lehen bihurgune zorrotzeraino (419 m). Orduan errepidea utzi, zabalean ezkerrera doan bidexka hartuz. Nahiz eta igoera ttipi batzuk izan, besteak beste aurri baten ondotik, bidexka erregulartasunean jaisten da Ibanteliko mazelan. Oihanera hurbiltzerakoan, harrizko arditegira iritsi.

  5. Harrizko arditegitik aparkalekura

    Arditegiaren eskuinetik ibili (262 m) eta bide harritsuan sartu. Arditegia iragan eta 300 m urrunago, bidea utzi eskuin jaisten den bidexka hartzeko. Beherago, eskuineko bidexka utzi, eta doi bat ezkerrera segitu. Ibilbidearen hasierako aparkalekura zailtasunik gabe heltzen den oihanbidea segituz jaisten segitu.

Helmuga