Photo
Photo : © Christophe de Prada

Santa Grazi, Zuberoa Garaia eta bertako arroilak

Santa Grazi

Atharratzetik 20 minutura eta 630 metroko garaieran, mendien gerizan eta arroila handien ondoan, Santa Garazi (edo Urdatx) Ipar Euskal Herriko herririk mendikoenetako bat da.
Ingurune babestuan gaude, denbora gelditu balitz bezala, munduko txoko sekretu batean.

Herrixka xarmagarriaren inguruetan ditugu Kakuetako haitzebakia, Verna haitzulo erraldoia, kurritzeko ibilbide andana eta XI. mendeko eliza erromaniko aparta. 

Santa Garaziko misterioak

Ezohiko arkitekturako eliza

Eglise de Sainte Engrace
Carole Pro

1085ean, Nafarroako Leireko abadiak Santa Garaziko eliza erromanikoa eraiki zuen haritz ezagun baten ondoan.

Leku zoragarrian dago, naturaren erdi-erdian eta mendiei begira.

Ospitalea zuenez, Donejakue bideko beilarien etapa garrantzitsua izan zen. 1841ean Monumentu Historiko sailkatua, kalitate handiko 12 kapitel ditu.

Inguruko hilerrian hilarri biribilak ikus daitezke, iragan misteriotsu baten lekuko.

Graziaren legenda

Santa Garazi edo Santa Grazi izena Grazia deitu neska portuges baten izenetik omen datorkio.

Galiarako bidean zihoala noble giristino batekin ezkontzera, soldadu erromatarrek atxilotu zuten. Erlijio giristinoa gaitzetsi nahi ez zuelako, torturatu egin zuten eta kopetan iltze bat sarturik hil zuten 300 urtearen inguruan.

Saindu horren erlikiak gaur egun Zaragozan daude, baina legendaren arabera, X. mendean ohoin batzuek neska hil berriaren bitxiz beteriko beso bat kendu eta haritzaren oinean lurperatu omen zuten.

Orduz geroztik, zezen bat etortzen zen bertara belauniko eta adarrak argitzen zitzaizkion.