Photo
Photo : © JC Rivas

Iratiko oihana

Irati

Iratiko oihana, Europako pagadi handiena.
Okabe eta Orhi artean, Iratiko oihanaren eremu zabalean orotariko jarduerak egin daitezke urte osoan, eta familientzako bereziki egokia da.
Baina gainera, jarduera ugari eskaintzearekin batera, lekuak sekulako historia du. Iratiko oihanak mitoak xuxurlatzen ditu, legenda usaina darie pago hostoei, eta artzainak, artaldeak zaintzeaz gain, tradizioaren zaindari ere bilakatu dira.
Iratiko oihana barnetik bizi behar da. Iratiko Etxolak arbola artean daude, oihan giroan, eta bertako langileak aholkulari bikainak izan ohi dira.

Natura jarduerak urteko lau urtaroetan zehar

Photo
Photo : © Chalets d'Iraty

Bedatsea (Udaberria)

Bazterrak atzartzen direnean, xorien basa ahaidez inguraturik ibiliko gara bidexkaz bidexka.

Ibilbide anitz abiatzen dira Iratiko Etxoletatik, familientzako eta kirolarientzako. 

Uda

Photo
Photo : © Carole Pro

Udako giro beroa eztitzeko ditugu erreka eta aintzirak. Horrela, mendi bizikletaz edo zaldiz ibiltzeko, arantzan hartzeko goxoago izaten da.

Aukerak ez dira falta nork bere mugak gainditzeko! Etxoletatik mendi bizikletaz egiteko 16 ibilbide abiatzen dira. Ateraldi bakoitza, bazter zoragarrietan, abentura paregabea izanen da. 

Iratiko mendi bizikleta gunea mugaz gaindiko proiektu batetik sortu zen. Zuberoa eta Zaraitzuko haranaren artean, hain zuzen, muga ezabatu eta bisitariei lurralde bateratu bakarra eskaintzeko xedearekin. 16 ibilbide horiek zailtasun desberdinak dituzte eta orotara 400 km egiten dituzte.

Ibilbideak, zailtasunez sailkatuak dira 3 kolore desberdinekin.

Eta Irati ezagutu nahi baduzu, baina gehiegi nekatu gabe... har ezazu bizikleta elektrikoa !

Photo
Photo : © Jérôme Borda

Larrazkena (Udazkena edo Ihartzea)

Larrazkenean oihana kolorez janzten da: gorriz, laranjaz, horiz eta berdez. Magikoa da ! Udako giro biziaren ondotik negurako prestatzen da, bazterrak lasaitzen hasten dira.

Oihanaren azken eskaintzak biltzera abiatzen dira ibiltari goiztiarrak: onddoketan.

Negua

Naturaren loaldia. Mihise eta estalki xuriaren gerizan hartuko du lo.

Hala ere, erraketa edo eski ibilaldiak egiteko aukera ederrak emanen dizkigu. Oihan zurituan barna sentituko dugu lasaitasuna, eta isiltasuna, eski eta erraketen arrabotsa izan ezik.

Erraketekin ibiltzeko 14 km-ko ibilbide zedarrituak daude. 

Eta txikiek, Iratiko Etxolen harrera gune aitzinean leraz gozatuko dute.

Kirolariek ipar eskia egiteko 3 pista dituzte (urdina, gorria eta beltza). Orotara 28 km daude eskura. Pistak prestatzen dituzte asteburuetarako eta oporraldietarako.

 

Argibideak :

Bistan da, eski eta erraketa ibilaldiak egiteko elurra behar dela.

Taberna-jatetxean geldi zaitezkete jatera. Bertatik Orhi eta Biarnoko mendiak ikusten dira.

Harrera gunean piknikatzeko gela bat dago zabalik, eta ondoan dendatxo bat eta eskiak, lerak eta erraketak alokatzeko lekua.

Material alokairuaren ordutegia:

Asteburu eta oporraldietan: 8:15 - 17:30
Aste egunetan eta oporretatik kanpo: 8:15 – 12:00 eta 13:30 – 17:30

Errepide gainean egon daitekeen elurra garbitu arren, derrigorrezkoa da kateak eramatea. Errepideen egoera jakiteko: www.le64.fr

 Tradizio eta misterio lurraldea

Hortik dabil Basajaun !

Oihanaren txoko batzuetan giro mistikoak dirau.

Izan ere, 1960 inguruan, oihanaren ustiaketarekin, pista zenbait egin badira ere, leku batzuk biziki gerizan gelditu dira. Ez da leku hoberik legenden zaintzeko. Lekua sakratua da. Bertan bizi omen da Basajaun. Bere itxuragatik jende anitz usa dezake, baina ezagutzen dutenek diote gizaki azkar, zuzen eta maitagarria dela. Natura eta artzaintza zaintzen ditu gaur egun oraindik ere.

Okabeko nekropolia

Photo
Photo : © Jérôme Borda

Artzainak eta beren artaldeak mendigune hauetako biztanle eta zaindariak izan dira mendeetan zehar.

Beren aspaldiko aztarnak ikus daitezke. Okabe gaineko ordokian daudenak heriotza erritoei loturiko hondarkin protohistorikoak dira. Iratiko arkeologia gune ezagun horretan aurkituko dituzue trikuharriak, tumuloak, harrespilak eta etxola batzuen zimenduak.

Iraganaren presentzia senti dezakegu. Inguru hauetan, gaua usatzen duen eguzkia jainkotzen zuten, eta horregatik hilarri eta etxe aitzinaldeetan agerian ezartzen.

Artzaintza, tradizio sendoa eta berritua

Photo
Photo : © Carole Pro

Antzinako artzainek bezala, gaurkoek artaldeak bortura eramaten dituzte maiatzetik azarora.

Garai horretan ardiek mendiko belarrak dituzte bazkatzen, eta artzainek harekin gasnak egiten.

Inguruko ibarretan bizi diren artzainek, beren arbasoengandik eskuratu duten jakitate berezi hori partekatu nahi dute gurekin. Horretarako, beren etxaldeen bisitak eta gasna salmentak antolatzen dituzte.

Iratiko Etxolak

Iratiko Etxolak 1300 eta 1500 metro artean kokatzen dira, lepo baten inguruan. Zurezko 35 etxola, kanping bat eta 3 logela daude. Zuberoako herri partzuergoa da etxolen jabe, eta etxola bat egin zuten partzuergoko herri bakoitzeko.

Iratiko Etxolak ezagunak dira atseden hartzeko lekutzat; Natura betean egoteko, birikak garbitzeko.

Egonaldiak segidan mendi kutsua hartzen du: zurezko etxolak, supazterrak, ingurunea, gaztaina erreak, mus partidak,...

Hemen pasatuko dituzuen egunak deskonektatuak izango dira: ez telebistarik, ez wifi-rik,... funtsezko beharretara edo nahietara itzultzeko aukera. Egurra zuek moztu beharko duzue, baina aizkora utziko dizuete.

Photo
Photo : © Carole Pro

informazioa eta erreserbak

Iratiko etxeak
Iratiko etxeak