Donibane Lohizune hiri jatorra da eta historia biziki aberatsa du. Hemen ezkondu zen Frantziako errege Luis XIV, baina badira ere kortsarioen abenturak eta, dudarik gabe, itsasoaren eragina nabarmena da itsasbazterreko oporleku honetan. Izan ere, osagai guztiak baditu egonaldi paregabea pasatzeko: gastronomia eta animazioak, kultura eta natura, 5 hondartza, eta abar.
Historia laburra
Luis XIV.ren ezteiak
Historia liburuetan, eta gida turistikoen hitzetan, irakurriko duzue Frantziako Luis XIV Austriako Maria-Teresa Espainiako Infantarekin ezkondu zela Donibane Lohizunen 1660ko ekainaren 9an. Ez zen, ordea, amodio sutsu baten ezkontza izan, baizik eta Espainia eta Frantziaren arteko gerra bati amaiera eman zion bake itun baten gauzatzea. Ez da lehengusuen arteko ezkontza eder bat baino gauza hoberik asmo onak sendotzeko…
Zer zioten, baina, lohizundarrek boteretsuen handikeria eta makurkeriez, bereziki beren egunerokotik mila kilometrora gertatzen zirenean? Nehork ez dakike zer izan zen portuko arrantzale xumeentzat, gorte horren iristen ikustea, logistika eta guardekin, ehunka jende arrotz zenbait hilabetez beren herrian sartuak, denak biziki aberatsak, harroputzak eta handinahiak. Zenbaitek halere etekinik atera zion egoerari: erregea eskuzabala izan zen eliza gizon eta notableekin, eta beste batzuentzat « publizitate ezin hobea » izan zen: Adam makarroiak aurkeztu omen zizkioten gorteari, eta horrek izigarri maitatu. Beste batzuk ez ziren ohartu erregen presentziak belaunaldi anitzen gaineko eragina izanen zuela. Izatez, gaur egun Luis XIV egon zen etxea bisita daiteke oraindik. Erregeen egonaldiak eta ezteiek herria ikaragarri zorpetu zuten zenbait hamarkadarentzat.
Kortsarioak
Halere, Frantziako erregea ez zen hain erraz libratu Donibane Lohizunez. Herriko arrantzale bikainak kortsario famatu bilakatu ziren XVII eta XVIII. mendeetan. Baina kasu! Kortsarioak ez dira piratak! Piratek itsasontzi etsaiak erasotzen eta bipiltzen zituzten ohoin odolzaleak ziren, kortsarioak ordea, itsasontzi etsaiak erregearen aginduz erasotzen eta bipiltzen zituzten ohoin odolzaleak ziren… Ez du deus ikustekorik! Dena dela, hemen batzuek diru anitz irabazi dute. Horren lekuko ditugu infantaren kaian ikus daitezkeen armadoreen etxe handiak. Turismo bulegoan eta hiriko gida turistikoek historia horren xehetasun gehiago kontatuko dizuete.
Itsasoa
Urperatu zen auzoa eta Napoleon III.a itsas harresiak eraikitzera eraman zuten uholdeak ere aipatuko dizkizuete. Ezen, mendeetan, orain dela guti arte, itsasoari izua eta esker ona baitzioten biztanleek.
Izua baleak ehizatzera joateko lehenik eta gero arrantzara joateko itsasoren oldarrak jasan behar baitzituzten. Gaur egun ere, arrantzale lanbidea arriskutsua da.
Eta esker ona ekonomia guztia itsasoaren baliabideetan oinarritua baitzen. Sardina portu nagusi izana, urtero 10 000 tona arrain saltzen dira Donibane Lohizune/Ziburuko enkantean.
Gaurko Donibane Lohizune
5 hondartza
Ez da hauturik falta! Denak desberdinak dira, bakoitza bere ezaugarri eta xarma bereziarekin. Hauta ezazu nahi duzuna.
Hondartza handia. Hiri erdigunean dago, hiru itsas harresik babesturik: Zokoakoa, Artha eta Santa Barbarakoa. Harresiek sagailoa hautsi eta badia barneko urak bare atxikitzen dituzte. Lasai bainatzeko baldintzarik onenak.
Maiarko, Zenitz, Lafitenea, Erromardi. Hiriaren iparraldean daude, Akotze auzoan, kanpinen auzoan hain zuzen ere. Surflariak eta familiak giro onean elkar bizi dira inguru horretan. Erromardi da lasaiena. Lafiteneara heltzea zailago da, itzultzean maldan gora igo behar baita, eta ondorioz jende gutiago izaten da. Maiarko laguna bilakatzen da itsas beheran, txikienentzako ezin hobeki, eta Zenitz, txikiena, basatiena ere bada.
Gambetta karrika
Alde zaharreko oinezko karrika nagusia biziki atsegina da patxadaz ibiltzeko, burua altxa eta etxeetako zurbesoak behatuz. Ezinbestekoa da San Joan Bataitzailearen elizan geldialdi baten egitea. Monumentu Historiko sailkatua izan da. XVII. mendean eraiki zuten, eta harrigarriak dira bai barneko galerien goratasuna, baita ere erretaula aberatsa.
Baina Gambetta, karrika merkataria da. Saltoki batzuek ehun urte baino gehiago dute. Pariès eta Adam ahozurientzat, nazioartean ospetsua den Laffargue larruki denda, Goicoechea eltzegileak, Lartigue oihalak eta beste hainbat saltoki eder eta aspaldiko eskulangintza bikainaren oinorde direnak.
Erosketak egin-eta, karrikaren muturrean, Luis XIV plazako tabernak eta jatetxeak zain dituzue atseden hartzeko. Plaza horretan animazio anitz egiten da eta baliteke kontzertu edo ikuskizun batekin topo egitea, plazako kioskoa horretarako egina baita.
Santa barbara muinoa
Santa Barbara puntatik ageri dena, Euskal Herriko postal batean ezar genezake! Denak agertzen dira. Itsas aldera, itsasoratzen diren ontziak, Zokoako gaztelu ondoan surflariak eta itsas harresien kontra lehertzen diren uhainak, Donibane Lohizuneko hondartzak eta flysh ezponda ikaragarriak. Eta guzti horren atzeko aldean Larrun eta Aiako Harria mendiak, eta etxe zuri gorriak pentzeen artean.
Santa Barbaratik igarotzen da itsasbazterreko bidexka. Eta badiara jaistean, haurrentzako jolasgune zoragarria dago. Han bertan krakada egiteko eta tabernatxoan baso baten edateko parada izanen duzue. Donibaneko jende askoren ibilaldi kutuna izaten da.
Animazioak
Animations
Donibane Lohizunen animazio andana dago urte osoan zehar. Euskal Herrian garenez, bistan da kantuak, dantzak eta pilotak leku aparta dutela. Udan kasik egunero badira animazioak Luis XIV Plazan, eta urririk dira.
Baina animazioak ez dira uda denboraldira mugatzen, urtean zehar ere badira beste ekitaldi nagusi zenbait.
Nola etorri
Garraio modu guziak onak dira zenbait egunen pasatzera etortzeko Euskal Herrirat: trenez, autoz, hegazkinez, eta batzuentzat oinez ere!
Nola etorri