mairie d'Arcangues
Jean Philippe Jubera

Arrangoitze : euskal herri ederra

Arrangoitze

Arrangoitzek ez du itsasbazterrik, baina bi hiri mugakide ditu erabat itsasoari itzuliak: Biarritz eta Angelu. Herriak 3107 biztanle eta 1700 hektarea ditu. Itsas hegiko mugimendutik bazter, hemen bazterrak berdeak eta lasaiak dira, natura eta laborantzaren arteko harreman orekatuan.

Herri baketsua

Arrangoitze 1150ean sortu zuten. Izena "haran" eta "goi"tik datorkio.

Bertako goiburua: « hemen bakea ». Horrela, dena ongi laburbildua gelditu da. Hori da, hain zuzen, hona heldu den orok sentitzen duena, eta itzuliko den aldiro, beti itzultzen baita, ber gauza sentituko du. Herri erdigunea Euskal Herriko herrien eredu fidela dugu.

Hortxe ditugu eliza, pilota plaza eta herriko etxea. Herriaren inguru osoan golf zelaia dago, 80 hektareakoa. Horren gibelean aurkitzen dira etxebizitzak, ezen herri erdian biztanle bat baizik ez baita: apeza !

Lehen lehenik, bisitarien arreta pilota plazara eta Achtal ostatuko terrazako ehun urteko platanondoen gerizan dauden mahai monolitiko erraldoietara doa. Gero, inguru guztia josten duten arkitektura eta historia xehetasunak ikusten hasten da.

Arkitektura

Arrangoitze urdina

Arrangoitzeko Piarres Markesak sortu zuen erdigunea, osoki material zaharrez egina. Txoko bakoitzeko harri bakoitzak eta elementu zizelkatuek ehunka urte dute.

Baina herriak badu beste berezitasunik: kolorea. Erdi Aroan, Arrangoitzeko jaunek urdin berezia erabili zuten, "Arrangoitze urdina". Etxeetako zurbeso eta lehioetan ikus daiteke. XX. mendean Markesak urdin kolore horren atxikitzeko baimena erdietsi zuen: ordutik, arrangoiztarrek ohiko gorri eta berdeaz gain, urdin hori erabil dezakete beren etxeak margotzeko.

Gaztelua

Arrangoitzeko jaunen gaztelua XII. mendean eraiki omen zuten. Ipar Euskal Herriko gaztelurik zaharrena da. 1636ean sute batek eraitsi zuen. Bigarren gaztelua XVII. mendeko bigarren erdian egin zuten, baina suntsitu behar izan zuten eta 1900an berriz eraiki.  

Wateloo-n Napoleonen garaile izan zen Wellington Dukeak egoitza nagusitzat hartu zuen 1803an, Errobiko gatazka denboran. Garai horretatik datorkio gazteluari sarrera-areto ingelesa, arkitektura txit british-arekin, tximinia handi eta zur landuko galeria ederrekin.  

Arrangoitzeko Piarresek, « Années Folles» garaian Biarritzeko Turismo eta Besten Batzordeko kide zenak, bertan antolatu zituen hainbat besta, dantzaldi, gala, eta prestigioko beste zenbait gertakizun. Horrela erakarri zituen jende ospetsu zenbait: Maurice Ravel, Sacha Guitry, François Mauriac...  

Bigarren Mundu Gerlan alemanek okupatu zuten. Estatubatuarrek askatu zuten Arrangoitze 1944ko abuztu bukaeran. Herriko plazan besta handia antolatu zuten, eta besteak beste hainbat general estatubatuar eta Winston Churchill izan ziren bertan.  

Gaztelua Monumentu Historiko sailkatu zuten 1992an. Bisitak azaro bukaeratik urtarril hastapenera egiten dituzte.

Eliza

San Joan Bataiatzailearen elizak Euskal Herriko elizen ezaugarriak ditu: XVIII. mende hasierako zur zizelduko galeriak ederrenetakoak dira. Ezkila-dorrea 1925ean sailkatu zuten Monumentu Historiko, eta herria ederki menderatzen du. Elizaren berezitasuna Arrangoitzeko Jaunentzako kapera da. Herriaren sortzaileentzako erreserbatua da. 

Hilerriak maila desberdinetako lorategiak dirudi eta Pirinioak eta Kantauri itsasoa ikus daitezke bertatik. Hilobiak elizaren inguruan bilduak dira, ardiak artzainaren inguruan bezala. Ipar Euskal Herri osoko hilarriak ditu, denak Arrangoitzeko Piarresek berreskuratuak, eta zaharrenak XVI. mendekoak dira.  

Herriko jende ospetsuak

Arrangoitzeko historia izen bereko Nafarroako jaun familiari hertsiki lotua da. Herria sortu zutenetik eta gaur arte, markes, eraikitzaile, letra gizon, poeta eta kudeatzaile belaunaldi desberdinek lekua edertu dute eta ospea eman ere. Errotik euskaldunak baitziren, gaur egun oraindik ere mundu zabalean herria eta Euskal Herria ezagutarazten dute, arlo desberdinetan. 

Leopold Eyharts arrangoiztarrak herriaren armarria biziki gora eraman du. Pegaso espaziorako misio franko-errusiarreko kidea izan zen, eta 228 egun pasa zituen Soyuz estazioan 1997ko uztaila eta 1998ko otsaila artean. Espazio ontzi horretan, Arrangoitzeren armarria zeramala, lurrari 2648 bira eman zizkion. 

Luis Mariano Irunen (Gipuzkoa) sortu zen eta bere familiak Lapurdira ihes egin zuen Espainiako Gerra Zibilaren denboran. Gaitzeko arrakasta eta ospea izan zituen Ipar Euskal Herrian eta atzerrian ere (Hego Amerika, Frantzia, Quebec,...), bere azentu xarmantarekin andereak xoratzen baitzituen. 50kadan Luis Mariano biziki modan ziren opereta izar nagusia izan zen. Herrian aztarna ahantzi ezina utzi du: baserri bat erosi zuen eta bere azken urteak hemen igaro zituen « Gentleman Farmer » gisa. Gaur egun ere lore sortak ezartzen dizkiote hilerrian segitzaileek edo beren ilobek. Eta ohikoa da, arrats alai batzuetan gazte zenbait "Mexicooooo" kantu arrakastatsua kantatzen entzutea, baina ez bereziki zuzen.

Data nagusiak